Mister Bizkaia, Bergarakoa

Maider Arregi 2007ko ots. 1a, 16:14

Javier Garcia 23 urteko bergararra dugu aurtengo Mister Bizkaia. Atzo, urtarrilak 31, Barakaldoko Novotel hotelean jokatutako finalean bergararra beste zortzi finalistei nagusitu zitzaien.

Garcia Bilboko Biem modeloen agentzian ari da eta han animatu zuten Mister Bizkaia lehiaketara aurkeztera: "Casting bat gaindituta finalerako txartela lortu nuen. Egia esan, oraindik ez dut sinisten lehiaketa irabazi izana. Aurten hasi naiz modelo ikasketak egiten eta finalean desfilatu nuen lehen aldiz". Arropa informalarekin, bainujantziarekin eta etiketa-jantziarekin desfilatu behar izan zuen finalean. Lehiaketa irabaztearren, Marina D´Or-en aste bukaera bateko egonaldia eta produktu kosmetikoak eskuratu ditu. Hainbat lagunen eta familiakoen laguntza izan zuen Barakaldon.

Bizkaiko txapela irabazi ondoren, Mister Euskadi eta Mister España lehiaketetan parte hartu ahal izango du Garciak. Aurrerantzean, modelo lanetan hastea nahiko luke, pasarelan edo publizitatean: "Betidanik gustatu zait moda, eta jarraitzen dut, bai. Ondo janztea gustatzen zait eta normalean Bilbon erosten dut arropa. Calvin Klein eta Roberto Cavalli dira nire marka faboritoetako bi, baina markari baino arropa berari ematen diot lehentasuna. Kremak ere erabiltzen dut gorputza zaintzeko. Gustuko modeloak? Andres Belencoso eta Eva Gonzalez adibidez". Bere gorputzeko atalen bat goraipatzeko orduan irribarrea aipatzen du Mister Bizkaia berriak.

Neskalagunik ez oraingoz

Kirolzalea da Javier Garcia: "Sasoian egotea ezinbestekoa da eta astean hiru aldiz gimnasiora joaten naiz; korrika egitea eta eskiatzea ere atsegin dut". 1,83 m neurtzen du, begiak marroi kolorekoak dauzka eta... neskalagunik ez duela diosku: "Ez, lagun onak bai, baina neskalagunik ez oraingoz. Neska morenak eta altuak gustuko ditut eta ahoan arreta berezia jartzen dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak