'Miserableak' musikala berriz ere eramango dute taula gainera

Txomin Madina Milikua 2009ko ots. 4a, 17:36
Hamabost urte eta gero, martxoaren 14an berriz ere antzeztuko dute 'Miserableak' musikala Bergaran. Musika Eskolaren 25. urteurreneko ekitaldien barruan antolatu dute ikuskizuna, eta adierazi dutenez, musikala estreinatu zenean parte hartu zuten gehienek berriz ere eman dute baiezkoa.

Historiako musikalik arrakastatsuenetako da Miserableak antzezlana, baina ez bakarrik nazioartean, baita gurean ere. Izan ere, 1994ko errege egunean estreinatu zuten Bergarako Musika Eskolak prestatutako euskarazko bertsioa herriko udal pilotalekuan, arrakasta handiz estreinatu gainera. Horren adierazle da herrian ez ezik, ikuskizuna beste hainbat tokitan ere eman zutela, besteak beste, Eibarren, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Legazpin.

Hamabost urte pasa dira orduz geroztik, eta aurten Musika Eskolaren 25.urteurrena dela aprobetxatuz, berriz ere taularatzea erabaki dute. Martxoaren 14an izango da hori, eta Musika Eskolaz gain, oraingoan ere Bergarako Orkestra Sinfonikoak ere hartuko du parte.

Taula gainera, guztira 46 nagusi eta Musika Eskolako Hasiberrien Abesbatzako 42 haur igoko dira. Lehen bertsioan parte hartu zuten gehienek, gainera, berriz ere hartuko dituzte euren paperak. Abeslari eta musikariez gain, 11 pertsonaz osatutako ekipo tekniko bat ere arituko da musikala aurrera eramateko lanetan, baita haur abesbatzako hainbat guraso ere. Alfredo Gomez Chirlaque izango da zuzendari musikala, eta Valen Moñux zuzendari artistikoa.

Sarrerak, otsailaren 16an

Urrian hasi zituzten entseguak, eta antzelanak moldaketa txiki batzuk izango ditu: udal pilotalekuan, eskenatokia lekuz aldatuko dute, eta musikalaren bigarren zatian, abesti berri bat sartuko dute.

Bi emanaldi egingo dituzte martxoaren 14an: lehena 19:00etan, eta bigarrena, 22:30ean. Sarrerak zenbatuak izango dira, eta otsailaren 16an jarriko dira salgai. Bergarako Musika Eskolako idazkaritzan eskuratu ahalko dira eta prezioari dagokionez, 15 euro balioko dute behean, eta 12 goiko harmailetan. Erreserba ere egin daiteke 943765780 telefonora deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak