Mirespen omenaldia egin zieten Bergarako 'maisuei'

Jon Berezibar 2009ko otsailaren 22a

Hunkituta eta harriduraz, baina batez ere eskertuta jaso zuten egubakoitzean Bergarako maisuek omenaldia. Ricardo Otaño, Jose Antonio Laskurain, Migel Okina eta Patxi Leturia ziren omenduak baina azkenak, gaixo zegoela-eta, ezin izan zuen ekitaldira joan.

Laurek gainditzen dituzte 80 urteak baina oraindik ere eskuak ez die huts egiten egunero pintzela hartzen jarraitzeko. "Ez genuen pentsatzen hainbeste izango zenik" dio Laskurainek plaka oroigarria eskuetan eta hunkituta. Bai berak zein Okinak gogoan izan zuten omenaldian Ximon Arrieta aitzindaria, Bergarako margolari belaunaldien sustatzaile eta egubakoitzeko protagonisten maisu izan zena.  Otañok eurena zein belaunaldi berria izan zituen gogoan Bergarako margolaritzari buruz galde egiterakoan: "Promesa gazteak badaude eta horrek asko esan gura du". Hirurek gauza bat argi dute eta hori da "pintatzeko  asko margotu behar" dela.

'Maisuen' belaunaldia

Oroigarriarekin eta euren lanekin osatutako erakusketarekin omendu gura izan dituzte artista beteranoak. Beart elkarteak antolatu du Aroztegi aretoan martxoaren 8ra arte ikus daitekeen mostra, 49 obrarekin. Maisuak, laburki eta mirespenez, bataiatu dute erakusketa eta lauen ibilbidea jasotzen da erakusketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak