Milatik gora lagunek egin dute Bedelkar txartela deskontu kanpainan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko aza. 23a, 11:31
Azken hiru hilabeteetan egin du kanpaina hori dendarien elkarteak. Ordainketetarako txartela erabiltzeagatik puntuak ematen ere hasi dira

Pozik daude Bederlkarko ordezkariak iraila, urria eta azaroan barrena egin duten deskontu kanpainak izan duen erantzunarekin. "Oso balorazio ona egiten dugu", esan du Maria Eugenia Igarza elkarteko lehendakariak. Hiru hil horietan barrena egubakoitz eta zapatuan egindako erosketak Bedelkar txartelarekin eginez gero, %5eko deskontuak aplikatu dituzte. Hori horrela, "herritar askok aukera aprobetxatu nahi izan dute eta milatik gora lagunek egin dute txartela", gehitu du. 
Hain justu ere, datorren zapatuan, azaroaren 28an, bukatuko da %5eko deskontuen kanpaina. 

Puntuak eskura daitezke 

Deskontu kanpaina bukatzear bada ere, txartela egin duten herritarrek abantaila gehiago ere izango dute. Hain justu, hasi dira dagoeneko puntuak ematen txartelarekin ordainduz gero.
Emango duten puntu kopurua ordaindutako prezioaren araberakoa izango da, eta 200 puntu eginda, 10 euroko txekea jasoko du erosleak.

Gabonetarako eskaintzak

Abendurako eskaintza berezi gehiago ere prestatu dituztela azaldu du Maria Eugenia Igarza Bedelkar elkarteko lehendakariak: "Gabonen atarian gaudela kontuan izanda". Hain zuzen ere, sariak ematen hasiko dira, beti ere, Bedelkar txartelarekin ordainduz gero. Lehenengoz egingo duten ekimena da eta sariok izango dira 5, 10, 20 edo 50 euroko sariak.
Maria Eugenia Igarzak honela azaldu du sariok irabazteko modua: "Erosleak txartelarekin ordaintzen duen momentuan bertan jakingo dugu saria egokitu zaiola eta baita zenbateko saria izan den ere. Gainera, automatikoki bezeroaren kontu korrontean sartuko da diru hori". Igarzak gehitu du "halako sari asko" banatuko dituztela, zenbakirik zehaztu ez duen arren.
Bedelkarren zozketa-txartelak klasiko bihurtu dira Gabonetan eta aurten ere banatuko dituztela aurreratu du Bedelkarreko lehendakariak: "Beste ekimen batzuk egin ditugun arren, Gabonetako zozketa-txartelak ateratzea ere pentsatu dugu. Izan ere, txartelarekin ordaintzen duten bezeroen fideltasuna saritzeaz gain, eskuz ordaintzen dutenena ere saritu behar dela uste dugu".
Datorren urtean eskaintza bereziak egiten jarraituko dutela gehitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak