Mendekoste jaietako kartel lehiaketa abian da

Maider Arregi 2009ko mar. 12a, 18:34
Mendekoste jaiak ate joka datoz eta aurten, maiatzaren 29an hasiko dira. Hala, Kultura Sailak, kaleratu ditu Mendekoste jaietako programaren azala egiteko lehiaketaren oinarriak.

Oinarriak

1. Lehiaketa honetan Bergaran erroldatutako edozein pertsonak har dezake parte.

2. Kartelek 24 x 34 zentimetroko neurria izango dute, eta formatu bertikala.

3. Kartelak paperean inprimatuta eta kartoizko oinarri baten gainean aurkeztuko dira. Era berean, kartelaren kopia digitala CD informatiko batean ere aurkeztu beharko da.

4.Teknika librea erabili ahal izango da.

5. Kartelek ondorengo testua eraman beharko dute nahitaez: PENTEKOSTE JAIAK 2009 BERGARA.

6. Lehiaketa honetara aurkeztutako lanak orijinalak izango dira, eta beste lehiaketa batean inoiz saritu gabeak. Bergarako Udalak plagioa egon denaren zantzurik ikusten badu, sortutako kalteen aurrean kalte-ordainak eskatu ahal izango dizkio plagioaren egileari.

7. Lehiaketako irabazleak 600 euro eskuratuko ditu. Saria eman gabe ere geldi daiteke, epaimahaikoek gutxieneko kalitaterik ez dagoela uste badute.

8. Udalak egoki ikusiz gero, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa antolatu ahal izango du.

9. Kartelek ez dute egilearen nortasuna agerian utz dezakeen ezer edukiko. Atzealdean lelo bat dutela aurkeztuko dira kartelak. Gutunazal itxi batean leloa kanpoan eta egilearen datuak barruan jarriko dira. Era berean, gutunazal itxi horretan ondorengo dokumentua ere sinatu beharko du kartelaren egileak: Nik, (egilearen izen-abizenak) eta NAN zenbakia (zenbakia) dudanak, zin egiten dut kartel lehiaketa honetara aurkeztutako lana originala dela, eta inon saritu gabea (egilearen sinadura).

10. Kartelak Bergarako Kultura Etxean aurkeztuko dira, apirilaren 28ko 13:00ak baino lehen.

11. Epaia jakitera ematen den egunean jakinaraziko da epaimahaia nortzuk osatu duten.

12. Epaimahaiko kideek hartutako erabakia aldaezina izango da.

13. Saritu gabe gertatu diren lanak erakusketaren azkeneko egunetik hasi eta hogeita hamar eguneko epean jaso ahal izango dira. Epea amaitu ondoren egileek jaso ez badituzte, pentsatuko da ez dituztela aintzakotzat hartzen, eta Udala horietaz libreki baliatu ahal izango da. Era berean, ez da erreklamazio edo indemnizazio eskubiderik onartuko.

14. Saritutako lanaz Bergarako Udala jabetuko da, eta argitaratzeko, eraldatzeko, zabaltzeko eta abarrerako eskubidea izango du.

15. Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri hauek onartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak