Eguraldiak eragin zuzena izan du, noski, jaiegunotan izandako giroan: ateri uneetan, euripean ez bezala, beteta ageri ziren kaleak: zapatu arratsaldean, bonba japoniarrek haur eta guraso mordoa batu zuten herriko plazan; erraldoi, kiliki eta buruhandien konpartsaren kalejira izan zen ondoren;... Barraketara ere egin genuen osteratxoa zapatu iluntzean eta mugimendu bizia ikusi genuen, nahiz eta barraken jabeek esan, ordura arte motel antzean joan zela eguna. Neska-mutikoek, nola ez, biziki gozatu zuten. Eta batzuk Matxiategin zebiltzan bitartean, errekortadoreen ikuskizunari begira ziren beste batzuk: barrez orain eta sustatuta gero.
Aparteko jendetzarik ez, baina giro ona
Gautxoriek ere leku aproposa aurkitu dute Bergaran: aparteko jendetzarik ibili ez den arren, izan dira, bai, gaua motz samar geratu eta hurrengo goizean parrandan jarraitu dutenak ere. Eta gaur eguerdiaz geroztik, giro ezin hobea dago kalean; aterkia etxean utzita, gozatzen ari dira bergararrek.
Bitorianatxoren jaitsiera
Ezberdina izan da aurten Pentekoste jaiei hasiera ematen dien Bitorianatxoren jaitsiera. Panpinaren atzetik, Bitorianatxo biziduna atera zen udaletxeko balkoira eta herritar denei opatu zien parte hartu, gozatu eta ospatzeko. Jendez gainezka zegoen San Martin plaza une horretan; umeek globo handi eta koloretsuak ibili zituzten eskuz esku; bandak musika ipini zuen;... "Beste giro bat ikusi dut aurten eta nik uste dut jendeari asko gustatu zaiola" kontatu zigun Maider Osa Kultura teknikariak.
Emaitzak eta balantzea
Aritz Arrillaga eta Amaia Bolinagak irabazi dute Euskadiko Dantza Askatuko Txapelketa, eta Pertxa elkartea izan da garaile bakailao lehiaketan. Txosna batzordekoak ere pozik agertu dira antolatu dituzten ekintzek izan duten erantzunarekin; eta Udaltzaingotik adierazi digute, egunotan, ez dela aparteko arazorik edo istilurik izan.
Gaur eta bihar gehiago
Mendekoste jaiak ez dira oraindik bukatu: koadrilen eguna izango da gaur, astelehena; eta umeena, bihar, martitzena.