Martzial Agirreren monografiaren itzulpena Carlos del Olmok egingo du

Jasone Zabala 2008ko ekainaren 13a

Carlos del Olmo donostiarra aukeratu du Udalak Martzial Agirreren liburuaren itzulpena egiteko. Urte amaierarako itzulpena eginda egotea espero da eta 2009an euskaraz eta gazteleraz kaleratuko da.

Itzulpena egiteko prozesua

Martzial Agirreren lana argitara eman ahal izateko, Marcial Aguirre (1840-1900) izeneko monografia erreproduzitu eta banatzeko eskubideak erosi zizkion Udalak bi egileei, Mikel Lertxundiri eta Larraitz Larretxeari, hain justu ere. Eskubide horiek esklusiban eta betiko erosi zizkien Bergarako Udalak.

Nor zen Martzial Agirre?

Bergarak eman dituen seme ospetsuetako bat da Martzial Agirre Lazkano eskultorea, Gipuzkoako XIX. mendeko eskultoreen artean onenetarikoa, askoren iritziz.
1840. urteko azaroaren 22an jaio zen San Antonioko La Algodonera lantegiaren barruan zegoen etxean. Haren aita, Joakin Agirre, ehungintza lantegiko akzionista nagusia zen, eta horregatik bizi zen enpresan bertan. Gainera, San Antonio auzoan bazituen jabetza gehiago ere.
Martzial Agirrek Errege Seminarioan egin zituen lehen ikasketak, eta gero Arantzazuko ikastetxera joan zen. 1864ko uztailaren 9an Gipuzkoako Foru Aldundiak beka bat eman zionean Erromara abiatu zen ikastera eta bizi izatera. Han maisu handiekin ikasi zuen, besteak beste estilo neoklasikoa lantzen zuten Togletti eta Obiciren tailerretan. Italian, artista alemaniar eta austriarrekin zituen harremanen ondorioz, Lavinia Wittner ezagutu zuen. Harekin ezkondu zen 1866an, Erroman. 1870. urtean, bere laguna zen Luvestein-eko printzeak Pio IX.a Aita Santua izeneko bustoa egitea enkargatu zion. Lan harekin hirugarren domina eskuratu zuen Erromako erakusketan.

Seme ospetsuenen lanak

Martzial Agirrek Peñafloridako Kondearen bustoa landu zuen 1873 urtean. Gipuzkoako seme entzutetsuenen bustoak egin zituen 1882 inguruan: Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi.
Guztiak Foru Aldundiko jauregiaren frontisean daude jarrita, bi Hercules eta lurraldeko armarriarekin batera. Garai hartakoak dira, baita ere, San Ignazio, Urbieta eta Txurrukaren estatuak. Donostiara 1875 inguruan itzuli zen. Hasieran, 31 de Agosto kalean bizi izan zen, gero Loiola kalean eta, azkenik, San Martin kalean. Kale horretan bizi izan zen hil arte. Donostiako behin betiko egonaldi hartan hainbat proiektu burutu zuen: Espartero jeneralaren estatua, Zumalakarregiren estatua, hiriko heroiei eskainitako Polloeko hilerriko mausoleoa, Okendoren estatua eta beste lan eta enkargu batzuk: partikularren eta Gipuzkoako jende ospetsuen bustoak, esaterako. Donostian hil zen, 1900eko maiatzaren 10ean, eta hiriko hilerrian lurperatu zuten, familiaren panteoian. Panteoi horretan Martzial eta Laviniaren aurpegien marmolezko taila ikus daiteke, bere semeek egindakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak