Martxa onean doaz kanpoko igerilekuko lanak

Mireia Bikuña 2009ko api. 15a, 16:27
Zimentatze eta hormigoia botatzeko lanak bukatuta, gremioak hasi dira lanean. Une honetan putzuaren hormak eta zorua atontzen dabiltza. Aurreikuspenak betetzen badira uztailaren 1ean zabalduko dute igerilekua erabiltzaileendako. Kanpoko igerilekuak zortzi kaleko igerileku baten ur kopuru bera izango du, baina borobil itxurakoa izango da. Guztira, 380 metro koadroko zabalera izango du.

Igerileku ludikoa izango dela esan digu Bergarako kirol teknikari Unai Asurmendik. Lau jolasleku izango ditu: lehenengo jolaslekuan sei metro garaierako txirrista egongo da. Bigarren jolaslekuak sakonera txikia izango du eta ume txikiendako izango da. Gune horretan ere txirrista bat egongo da. Hirugarren gunean ur azkarretan jolasteko ibai antzerako bat jarriko dute eta laugarrenean igeri egiteko aukera egongo da. Azkenik, erdian, perretxiko handi bat jarrito dute. Kanpoko igerilekuak 1,10 eta 1,30 metro arteko sakonera izango du.

Itxiera

Kanpoko igerilekua 1,20 metroko garaiera izango duen hesi batek itxiko duen eremu barruan egongo da, eta igerilekutik hesira bitarteko tartean barruko igerilekuan dauden moduko baldosak egongo dira. Hesi hori puntu baten bakarrik egongo da zabalik, eta hortik pasa beharko dute berdegunetik igerilekura doazen guztiek. Pasabide horretan putzu bat eta dutxa egongo dira; modu horretan, guztiak busti beharko dute alde batetik bestera pasatzerakoan.

Bergarako Udalak, inbertsioaren garrantzia kontuan hartuta, ahalik eta etekin handiena atera gura dio lanari. Hala, igerilekua estaltzeko itxiera sistema jarri dute. Igerilekuaren aldamenetan hainbat zutabe jarri dituzte. Zutabe horien gainean errailak jarriko lituzkete, igerilekua estaltzeko plakak desplazatzeko. Alboak biak ere tapatu egingo dituzte. Horrela, gaur egungo eraikinaren fatxadara iritsi ahal izango da estalkia. Baina, itxitura laugarren fase batean egingo lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak