Martoko auzoko mugikortasuna hobetzeko asmoz, kalea zabalago egin eta aparkalekuak egokitzeko asmoa du Udalak. Horretarako proiektu teknikoaren idazketa Xabier Yeregi arkitektoari esleitu berri diote 6.538 eurotan.
Aparkaleku gehiago
Martoko gaina da zabalago egingo dutena, errepidearen kontra dagoen mendi magala janda, hain justu ere –gaur egun ortuak daude han–. Udal arduradunek azaldu dutenez, magala eusten duen horma atzeratu eta han irabaziko duten gunean aparkalekuak egin nahi dituzte.
Agurne Barruso alkateak azaldu duenez, Plan Orokorrean jasota dago lur eremu horretan etxebizitzak egingo direla, baina adostasunera iritsi dira lurren jabekin: "Oraingoz ez dute etxerik eraikitzeko asmorik, horregatik, bien bitartean, aparkalekuak egingo ditugu, beti ere, eurek aprobetxamendua galdu barik", azaldu du Barrusok. Alkateak gehitu duenez, abendurako egongo da proiektua idatzita eta orduan jakingo da, besteak beste, zenbat ibilgailurendako lekua egongo den.
Martoko eta Zubiaurre auzoetako gabezia nagusietako bat aparkalekuarena izanda, proiektu berri honek arazoari irtenbidea emango dio neurri baten, behintzat.