Martitzenetik aurrera ezingo da aparkatu Domingo Irala kalean

Irati Agirreazaldegi 2007ko urt. 15a, 12:02
Domingo Irala kalea berritzeko lanak abian dira. Lehenengo fasearekin hasi dira. Hau da, Gasparreko garajea eta Sagarpe bota zituzten eta orain hasiko dira kalearen erdi aldean plazatxoa egiteko obrak. Joan zen astean ziren hastekoak makinak lanean, baina obrako arduradunak jakinarazi digu bihar, martitzena, iritsiko direla makinak Domingo Irala kalera.

Gaur, astelehena, ibilgailuak oraindik aparkatu ahal izango dira Irala kalean, baina kontuan hartuta biharko hutsik laga behar dela, bestela udaltzainek neurriak hartuko dituzte. 


Lanek gutxienez sei hilabeteko iraupena izango dute eta, bitartean, ibilgailuak zamaketa lanetarako bakarrik igaro ahal izango dira Domingo Irala kaletik. Izan ere, pasabidea estutu egingo da makinak sartu ahala.

Aparkaleku berriak

Irala kaleko aparkalekuak kentzen dituztenean ibilgailuendako beste lekurik egokituko duten galdetu diogu Victoriano Gallastegi alkateari. Bere esanetan, "herrian ez dago aukera askorik. San Martin plaza, esaterako, berez ez da aparkatzeko tokia baina orain autoz beteta egoten da. Aparkaleku berriak egin artean, berez, oso zuzena ez bada ere, bertan aparkatzeko aukera egongo da".

Aparkaleku berriak, baina, egitekoak dira herrian. Udalak erosia du Seminarioko patioa eta bertan aparkalekua egitea da asmoa. Alkatearen esanetan,  "225 autorendako tokia egongo da Seminarioko aparkalekuan".

Oraindik erabakitzeke dago, ordea, Seminarioko aparkalekua egiteko lanak noiz hasiko diren. Izan ere, Aranzadi Ikastolak eskatu du Kilometroak jaia egin artean ez hasteko lanekin, toki estrategikoa izan daitekeelako ospakizunerako. Negoziazioetan ari dira eta baliteke urri ostean abiaraztea lanak.

Aparkaleku berria egokitutakoan Irala kalea oinezkoendako bakarrik izango den edo ez erabakitzeko dago. "Gero ere autoendako bidea egongo da, orain bezala, baina ezingo da aparkatu. Egunen baten, ordea, oinezkoak bakarrik ibiltzeko kalea izango da baina oraindik ez dago erabakita noiz. Horretarako beste alternatiba batzuek eman behar zaizkie gidariei autoak lagatzeko", esan digu Victoriano Gallastegi alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak