Martitzenean botako dute Korrikaren 'Bidaia intimoak' dokumentala

Mirian Biteri 2009ko martxoaren 19a

Korrika kulturalaren harira, 'Bidaia intimoak' izeneko dokumentala Bergarako Zabalotegi aretoan aurkeztuko dute datorren martitzenean, martxoak 24, 19:00etan.

Bidaia intimoak dokumentalak Korrika 16ren omenaldiaren isla izan nahi du. Protagonistak euskaraz bizi nahi dutenen herrira etorritako lau lagun dira: Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixa.

Mixele euskalduna da;  Lapurdin jaio zen, baina ama hizkuntza frantses eskola publikoaren eraginez galdu zuen haurtzaroan. Gaztetan berreskuratu ondoren, egun irakasle da Itsasuko AEKn. Rami, berriz, Aljeriako ber-berea da, gaztetan Parisera ikasketak egitera joana. Han ezagututako Goizuetako neska batek ekarri zuen Euskal Herrira eta orain Goizuetan bizi da, euskaraz.

Jesus Marik euskara izan zuen ama hizkuntza, baina txikitan Ermuan eta gero Gasteizen bizitzearen ondorioz, galdu egin zuen, eskolaren eta kaleko lagunen eraginez. Soldaduskatik bueltan ama hizkuntza berreskuratzeari ekin zion. Tereixa, berriz, Galizian jaiotakoa da, baina, beste asko bezala, Bilbora etorri zen lan bila. Ikastoletan irakasleak behar zirela jakinda, berehala hasi zen euskara ikasten eta egun Portugaleteko Asti Leku ikastolan dihardu lanean.

Jon Maiaren zuzendaritzapean, Orio Produkzioak ekoizpen etxeak eginiko dokumentala da martitzenean, Korrika Kulturala dela eta, Zabalotegin ikusi ahal izango dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak