Mariaren Lagundia ikastolako 23 ikasle eta 2 irakasle Holandara abiatu ziren zapatuan. Astebeterako joan dira, Groenlo herrira, hango Marianum ikastetxearekin elkartrukea egitera.
Hango ikasleekin sukaldeko ohiturak erakutsiko dizkiote elkarri, hango familien bizimodua ezagutuko dute, irteerak egingo dituzte, talde jokoak, zientzia esperimentuak...
Atzerrira bidaiatzeak ikasleendako dituen onuraz jabetuta ekin zioten Mariaren Lagundian halako elkartrukeak egiteari. Eskolako arduradunen esanetan, elkartruke programek balio dute "norbere identitatearen barruan ixteko joera gainditzeko eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta besteak onartu eta ulertzeko", besteak beste.
Elkartruke programaren barruan Marianum ikastetxeko ikasleak ere etorriko dira Bergarara. Apirilean izango da hori.