Manu Muniategiandikoetxea eta Jesus Mari Lazkano, ARCOn

EduMendibil 2007ko ots. 16a, 11:33
Manu Muniategiandikoetxeak "Instrucciones para naúfragos. Soilik itxuraz" liburua aurkeztu du ARCOn. Liburuaz gain, "Mesa negra" izenburuko koadroa (2,5x2,5 metro) eta altzairuz egindako hainbat eskultura eraman ditu Madrilera, Espacio mínimo galeriarekin. Bestalde, Jesus Mari Lazkanok Berlini buruzko bi lan eraman ditu ARCO feriara, Antonio Machon galeriarekin.

Aspaldiko proiektua da Muniategiandikoetxearen Instrucciones para naúfragos. Soilik itxuraz. Orain  dela zazpi bat urte hasi zen Muniategi marrazki erotikoak egiten, marrazki liburu bat egiteko asmoarekin. Azkenik, bazkide edo mezenas batzuk topatu dituzte liburua argitaratu ahal izateko, eta proiektua gauzatu da. 300-400 marrazki inguru zeuzkan margolari bergararrak eta libururako 89 aukeratu dituzte. Liburuaren zuzendaritza artistikoa Lahia estudioko Santos Bregañak eta Ane Ibañezek eraman dute. Edizio mugatua da: 150 ale besterik ez. Horietatik100 jarriko dituzte salgai, 1.800 eurotan.

Marrazkiekin batera Instrucciones para naúfragos (Juan Navarro Dañino fragata kapitainak idatzitakoa) liburuko hainbat pasarte datoz Muniategiren liburuan. Harkaitz Canok egin du itzulpena, euskarara. Muniategiren arabera, puntu komikoa duten testu laburrak dira, marrazkiei ondo laguntzen dietenak. Liburuak 116 orrialde dauzka.

Lazkanoren lana

Bestalde, Jesus Mari Lazkanok Berlini buruzko bi lan eraman ditu ARCO feriara, Antonio Machon galeriarekin. Lazkanok Laboratorios izeneko zikloa inauguratu berri du Guggenheimen. 10. urteurrena betetzen dutela ospatzeko, museoaren bildumako hainbat lanen sortze prozesua erakustea da helburua. 2004an museoaren enkarguz egin zuen La curva del destino margolanaren prozesua ezagutzeko aukera egongo da apirilaren erdialdera arte. La curva del destino koadroan New Yorkeko Manhattan auzoko ikuspegi pertsonala ematen du Lazkanok, errealitatea, espazioa eta argia manipulatuta. Sortze prozesuaren gaineko hitzaldia egingo du Lazkanok Guggenheimen otsailaren 27an, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak