'Maisuak' erakusketa egubakoitzean zabalduko dute Aroztegin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko otsailaren 19a

Bergarako Beart elkarteak margo eta marrazki erakusketa antolatu du herriko lau margolari omentzeko. Lau artistek Bergarako artean arrasto handia utzi duten belaunaldi baten ordezkariak dira, egun hilda dauden beste artista garrantzitsu batzuekin batera; Simon Arrieta edo Fernando Azkargorta, adibidez. Erakusketa egubakoitzetik martxoaren 8ra arte egongo da zabalik, Aroztegi aretoan.

Bergarako Beart arte elkarteak merezitako omenaldia egingo die Jose Antonio Laskurain, Patxi Leturia eta Migel Okina margolariei eta Ricardo Otaño marrazkilariari. Bizitza osoa arteari lotuta eman dute, eta horregatik Maisuak izenarekin bataiatu dute erakusketa. Ikasleek –Beart elkartea– maisuei eginiko omenaldia izango dela esan daiteke, hortaz.

Artista belaunaldi onena
Bergarak betidanik erakutsi du artearekiko –eta bereziki pinturarekiko– interesa eta zaletasuna. Hala, omenduko dituzten lau maisuak herriak sekula eman duen artista belaunaldi garrantzitsuenaren ordezkariak dira. Ordezkariak, ez bakarrak. Izan ere, lau omenduez aparte egun hilda dauden beste artista batzuk aipatzea ezinbestekoa da; besteak beste, Simon Arrieta maisu handia eta haren ikasle ziren Fernando Azkargorta, Moises Eguren eta Abdon Juaristi margolari famatuak.

Bergarako artearen maisuak
Beart elkarteko lehendakari Pili Azkaratek jakinarazi duenez, erakusketaren helburua da "Bergarako artean, eta bereziki pinturan, historia egin duten artista belaunaldi bateko kideei omenaldia egitea". Egiteke zegoen omenaldia da, eta, Azkaratek dioenez: "Beranduegi ibili gara". Izan ere, belaunaldi emankor hartako zenbait margolari hilda daude. Hala ere, Azkaratek uste du Okina, Laskurain, Leturia eta Otaño "ordezkari moduan" hartuta, omenaldiak artista belaunaldi osoari eskaintzeko balioko duela.

Aspaldiko obrak ikusgai
Egubakoitzetik martxoaren 8ra arte bisitatu ahalko den erakusketan lau maisuen lanak ikusi ahalko dira. Beraz, urte asko duten obrak izango dira ikusgai Aroztegin. Esate baterako: Laskurainen koadroak 1944tik 1990era margotutakoak dira. Guztira, 49 obra jarriko dituzte: Laskurainen 11 olio-pintura, Leturiaren sei lan, Okinaren bederatzi koadro eta Otañoren 25 marrazki. Astegunetan arratsaldez bisitatu ahalko da erakusketa, martitzenetik egubakoitzera, 18:30etik 20:30era. Aste bukaeretan: zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.

Inaugurazio ekitaldia
Beart elkarteak ekitaldi berezia egingo du Aroztegin erakusketa zabaltzeko (egubakoitza, hilak 20, 19:00etan). Lau omenduei plaka oroigarri bana emango diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak