Dantzatzea gustuko dutenek bihar aukera paregabea izango dute Munibe plazan. Maiatzeko azken erromeria egingo dute; gainera, denboraldia modu apartean bukatzeko, afaria egingo dute.
Txartelak 12 eurotan
Oraingoan, egubakoitzean beharrean zapatuan egingo dute erromeria-afaria. Afarira joan gura duenak txartelak erosi beharko ditu. Kultura etxean eta Pol-pol tabernan daude salgai txartelak 12 eurotan. Txartel guztiak saltzen ez badira, egunean bertan ere salgai jarriko dituzte.
Afaria 20:30ean izango da Munibe plazan. Euria egingo balu Seminarioko zutabeen patioan egingo litzateke afaria. Afariaren aurretik, ordubeteko kalejira egingo dute Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariekin herriko kaleetan. Afariaren ondoren, erromeriaz gozatzeko aukera egongo da.
Dantza zaletasuna
Lau urte dira Bergaran maiatzeko erromeriak antolatzen dituztela. "Dantza eta trikiti zaletasun handia dago herrian; erromerien bitartez biak uztartu nahi izan ditugu", dio Osak.