Maiatzaren 4an hasiko dira Domingo Irala kaleko azken zatia eta San Martin plazarako igoera egokitzeko lanak. Beb arkitektura estudioak egin du proiektua eta 387.442 euroko aurrekontua dute lanek.
Lanok bi helburu dute: batetik, Usoa eta Eusebio tabernetako terraza Domingo Irala kalearen ordenazio orokorrean integratzea eta horrekin batera, terrazaren alboko lokalaren irisgarritasuna bermatzea, bertara iristeko mailak ditu-eta –Barrenale 3 zenbakiaren ostea–. Bigarren helburua da Domingo Irala eta San Martin Agirre plazaren arteko oinezkoendako lotura hobetzea.
Aurreikusitako lan guztiak eginda, ezabatu egiten dira oztopo arkitektonikoak irisgarritasuna bermatu: batetik, dauden maldak hobetu egingo dira eta, bestetik, eskailerak aurreikusita dauden lekuetan malda ere egingo dute.
Usoa eta eusebioren terraza
Usoa eta Eusebio tabernetako terraza murru batek inguratuta dago gaur egun eta horrek banatu egiten du Domingo Irala kalearengandik. Horrekin batera, eskailerak igo behar dira terrazara iristeko. Hala, Beb arkitektura estudioak egindako proiektuaren arabera, terraza inguratzen duen murru hori bota egingo dute. Hori eginda, aldatu egingo da terrazaren dimentsioa: aurreko alderantz apur bat galdu egingo du eta irabazi, Barrenkaleko 3. zenbakirantz. Hala, terrazan integratuta geratuko da zenbaki hori.
Horrez gain, murrua kenduta malda bat egingo dute Domingo Iralatik terrazaraino eta baita eskailerak ere, terrazaren aurreko alderantz eta alborantz, 3. zenbakirantz.
Plazarako bidea
Terraza handitzeak ahalbidetuko du Domingo Irala eta San Martin plazaren arteko oinezkoendako bidea hobetzeko aukera. Hala, Herri Lagunak kaletik terrazaren altuerara igotzeko aukera egongo da malda zein eskailera baten bitartez eta modu horretan San Martin plazara ematen duen aldaparen erdia ekidin ahal izango da. Bestetik, aldapa horretako zorua ere egokituko dute: galtzada-harria kendu egingo dute eta Domingo Iralan jarri duten zoru bera ipiniko dute.
Udaletik jakinarazi dutenez hiru fasetan egingo dituzte lanak eta ahalik eta eragozpen txikiena eragin nahi diete herritarri: lehenengo, Barrenkale 3ko aldea egingo dute; gero, plazarako aldapa eta azkenik, terraza.
lanak abendurako bukatuta egongo direla ere aurreratu dute.