Hogei kide Oxirondon
Bergarako Oxirondo egoitzan garun-perlesia duten 20 pertsona daude, guztiak adinez nagusiak eta gehienak Debabarrenekoak: Ermua, Markina, Eibar eta Bergarakoak ere bai. Beraiekin batera bost zaintzaile daude. Pertsona horiek egunero egiten dituzte saskiak eta Ibaiondoko eta Oxirondoko egoitzetan ipintzen dituzte saltzen. Bertan, txoko bat atondu dute eta denetarik saltzen dute: arropendako saskiak, hainbat erabilerako saskiak, bainugelarako ontziak, ogia edukitzeko saskiak, arkatzak eta boligrafoak edukitzeko ontzitxoak edo eskuoihalak sartzekoa. Horretaz guztiaz, gain Aspacekoen asmoa da proiektu horrek babes gehiago izatea. Horren harira, Made in Aspace proiektuak Gizarte Politikarako Sailaren, Diputazioaren eta Kutxaren babesa dauka. Elkartearen asmoa da proiektu honetan egindakoa azoka ezberdinetara eramatea; hala eta guztiz ere, Gabonetarako txoko bat izatea espero dute, modu horretan proiektuarekin aurrera jarraitzeko eta behin betiko leku finko bat izateko. Bitartean produktu horiek ezagutu eta erosi nahi dituenak astelehenetik egubakoitzera joan daiteke, 08:45etik 16:45era Bergarako bi egoitzetako batera.
Gaitasunei probetxua atera
1980an hasi zen Aspace saskiak egiten garun-perlesia duten eta egoitzan dauden pertsonekin. Ordutik finkatzen joan da eta egoitza horretako egunerokotasunaren ardatz bihurtu da. Belen Ortiz de Zaratek adierazi duenez, "saskien proiektua oso garrantzitsua da horretan parte hartzen dutenendako; horrek beraien autoestimua hobetzeko balio duelako". Ortiz de Zarateren hitzetan, "beste batzuekin eta beste batzuendako lana egitea, ezintasuna duten pertsonendako, oso ona da, beraiek dituzten gaitasunak kanporatzen dituztelako eta beraien bizitzaren normalizazioranzko bidea egiten saiatzen direlako modu horretan".
Urtero 5.000 saski
Urtero mota ezberdinetako 5.000 saski inguru egiten dituzte egoitzan, eta Ortiz de Zaratek adierazi duen moduan, "proiektu honen asmoa ez da aberastea, baizik eta pertsona horiek proiektu honen eta beste batzuen bitartez gure gizarteari eman diezaioketena baloratzen jakitea guztiok".