Lokatza ziklismo eskolak aurkeztu du denboraldi berria: 29 txirrindulari eta 11 proba

Goiatz Arana Begiristain 2010ko ots. 21a, 13:33
Emakumezkoen lasterketa eta 3+5 zikloturisten martxa dira aurtengo berritasun nagusienak. Gipuzkoako klasika ere Bergaran egingo da, apirilaren 17an.

Bergarako Lokatza ziklismo eskola gertu dago denboraldia hasteko: zapatuan aurkeztu zituen ziklistak eta egutegia.

29 txirrindularik ordezkatuko dute taldea oraingo denboraldian: hiru izango dira kimu edo alebinetan; sei, haurretan; eta hamarna kadete eta gaztetan. Denak dira mutilak, haurren mailan korrituko duen neska bat izan ezik. Zapatuan, guztiak pasa ziren Domingo Irala kalean egokitutako "oholtza" gainetik.

Inoiz baino proba gehiago

Erronka potoloa du Lokatzak 2010 urteari begira, inoiz baino proba gehiago antolatu behar ditu-eta: hamaika, orotara. Urterokoak izango dira horietako hainbat eta aurten lehen aldiz antolatukoak beste batzuk. Bi dira berritasunak. Emakumezkoen lasterketa da horietako bat, Bergaran lehen aldiz egingo dena aurten; Osintxun jokatuko da ekinaren 19an eta kategoria denetako neskek esku hartuko dute. Maiatzaren 2ko 3+5 zikloturisten martxa da beste berritasuna; kasu honetan, txirrindulariek hiru ibai zehartuko dituzte –Deba, Urola eta Oria– eta bost mendate igoko dituzte –Udana, Aztiri, Lierni, Mandubi eta Gorla–; hortik, probaren izena.  Bi horiekin batera, bada aurtengo egutegitik nabarmentzea merezi duen beste bat ere: Gipuzkoako klasika. Gipuzkoako Federazioak antolatzen du herri ezberdin batean aldiro eta aurten Bergaran izango da, apirilaren 17an.

Egutegia zehaztuta eta informazio gehiago: biharko, otsailak 22, Asteleheneko Goinkarian.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak