Liburutegia kalera aterako dute eguaztenean

Jasone Zabala 2008ko apirilaren 22a

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, etzi, apirilaren 23an, San Martin plazako udaletxeko arkupetara aterako dute liburutegi zerbitzua. Liburutegiko arduradun Mila Agirrezabalen ustez, "helburua herritarrei liburuak hurbiltzea da. Gainera liburutegian zer nolako informazioa eskaintzen dugun ikusteko aukera izango dute herritarrek".

Goizean goizetik egongo da aukera liburuak kontsultatu eta maileguan hartzeko. Ordutegia ondorengoa izango da: 10:00etatik 19:00etara. Nahi duenak aukera izango du denetariko liburuak begiratu eta maileguan hartuta etxera eramateko, liburutegian egin ohi den moduan.

Ilustratzailea ere bai

Egun berean, hilaren 23an, Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak saioa eskainiko du txikienentzat. Liburuetako marrazkiak nola egiten dituen erakutsiko du txikienen gozamenerako. Ikuskizuna plazan izango da 17:15ean.

Gaur egun Bergarako Udal Liburutegiak 4.600 bazkide ditu. Kontuan hartu behar da, txartel bateratua atera zenetik, leku ezberdinetako jendea etortzen dela herriko liburutegira, ez bakarrik Bergarako jendea.

Azken bost urteetan areagotu egin da liburuen mailegu zerbitzua, jende gehiago joaten da bertara liburuak ikusi eta egokiena aukeratzera; gehien bat bertara joaten den pertsona nagusien kopuruak egin du gora, liburutegiko arduradunen arabera.

Urtarriletik apirilera bitartean, gehien irakurri diren hiru liburuak hauek dira: John Boyneren, El niño con el pijama de rayas; Noah Gordon-en, El Rabino eta Toti Martinez de Lezearen, El Jardin de la Oca.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak