Liburutegi berriaren proiektua aurkeztu dute

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko eka. 11a, 10:47
Arrizuriaga jauregian egingo duten liburutegi berriaren proiektua aurkeztu zuten egubakoitzean Udaleko ordezkariek eta proiektua egin duen arkitektoak osoko bilkuren aretoan.

Arrizuriagako liburutegiak lau solairu izango ditu, bakoitza 500 metro koadro ingurukoa, eta aurrekontua da 2.585.000 eurokoa. Jauregiaren inguruan dagoen berdegunea ere diseinatu edo berriztatuko dute. Hori ez da eraikinaren proiektuarekin batera sartzen, ordea.

Kristalezko paretak

Donostiako Koldo Mitxelena edo Oñatiko kultura etxea egin duen arkitekto bulego berberak egin du Arrizuriagako proiektua. Miguel Angel de la Hoz arkitektoak azaldu duen moduan, "Ertzaintza egon zen garaian, barruko hormak eta estruktura batzuk indartu egin zituzten, eta horiek bota egin ditugu. Saiatu gara espazio zabalak egiten, eta argia kontuan izan dugu distribuzioa egiterako orduan. Argia aprobetxatzeko, kristalezko paretak ere sartu ditugu proiektuan".

Banaketari buruz, "beheko solairuan egongo dira ekitaldiak eta erakusketak egiteko aretoa eta papera gordetzeko biltegia, adibidez. Lehen solairuan, umeen liburutegia egongo da, eta horrek kanpotik ere izango du sarrera; bigarrenean, alde baten helduen liburutegia egongo da, bi altura izango dituena, eta beste aldean, ikus-entzunezko produktuen gunea", azaldu du arkitektoak.

Eraikinaren sarrera ere aldatu egingo dute; albo baten egongo da gero. Jarduneko alkateak esan zuen bezala, "proiektua eginda dago, eta hurrengo Udalak atera beharko du aurrera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak