Leku falta salatu du San Martin Agirre ikastetxeak

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko uzt. 20a, 15:51
Martinez Irala eraikina proposatzen du falta dituen bi gelak jartzeko, eta Aranzadi Ikastolari galdetzen dio zergatik ez duen eraikin hori konpartitu nahi.

Datorren ikasturtean ia 500 ikasle izango dituela eta "kalitatezko hezkuntza" eskaintzeko tokia falta dutela salatu du San Martin Agirre ikastetxeko zuzendaritzak, guraso elkarteko, Bergarako beste ikastetxe publikoko, Goieskolako eta Berritze guneko ordezkariek babestuta.

Toki faltari irtenbidea bilatzeko, Martinez Irala erakina proposatzen du San Martin Agirrek. "2003an Bergarako ikastetxe publikoek kalitatezko eskaintza publikoa ahalbidetzeko proiektua aurkeztu zuten Gipuzkoako Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzan eta Bergarako Udalean. Hor garbi utzi zen Martinez Irala eraikuntzako instalazioak ezinbestekoak zirela gerora Haurreskola eta San Martin Agirre ikastetxeko Haur Hezkuntza bertan kokatzeko, gure ikastetxearen toki faltari irteera emanaz", esan zuen Susana Uriarte zuzendariak.

Hitzarmena sinatzeko eskatu Aranzadiri
San Martin Agirre ikastetxeak dio Aranzadik sinatu duela hitzarmen bat UNED patronatuarekin eta Udalarekin batera. "Hitzarmen horretan Aranzadi ikastolari Martinez Irala uzteko konpromisoa eskatzen zaio Seminarioaren dohaineko eta 100 urterako lagapenaren truke. Hau eginez gero, San Martin Agirre ikastetxeak Martinez Irala berreskuratuko luke, eta bide batez, bere toki arazoak konpondu eta poligonoko alderdian eremu publikoa kokatu. Hala ere, Martinez Iralaren hustuketa ez litzateke bapatekoa izan behar, progresiboa eta epe luzera baizik. Delegaritzak hartuko luke hau guztia antolatzeko ardura. mahai bat eratuz arazo honetan parte hartzen duten guztiendako", dio San Martin Agirrek.
Ikastetxe publikoak salatzen du Aranzadik hitzarmen hori sinatu zuela baina sinadura baldintzatu egin zuela euren asanbladako berrespenera. "Berrespen hori egiteko hilabeteko epea zuten. Gaur uztailaren 16an gaude, bost hilabete pasatu dira eta ez dute erantzunik eman".

San Martin Agirrek garbi utzi nahi du "borondate faltak gure etorkizuna hipotekatzen duela" eta galdetzen dio Aranzadiri zergatik ez duen hitzarmen hori sinatzen eta zeintzuk diren arrazoiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak