Leire Olaberria olinpiarra sartu zen lehenengo Osintxuko helmugan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko eka. 20a, 20:08
Leire Olaberria nagusitu zen atzo Osintxun jokatutako nesken Soraluce S. Coop. txirrindulari lasterketan. Maila bikaina du Ikaztegietako txirrindulariak; hala, arazo barik irabazi zuen esprintean.

Ziklista asko

Lehenengo aldia da Lokatzak emakumeen lasterketa bat antolatzen duena. "Orain arte Osintxun egin izan den ziklokrosa aurten ez da antolatu, eta haren ordez emakumeen lasterketa egin da", azaldu zuen Unai Azurmendi antolakuntza taldekoak.
Gehienetan emakumeak gizonezkoekin batera irteten dira, eta ondorioz emakumeen parte-hartzea txikia izaten da. Zapatuan, baina, emakumeek bakarrik parte hartu zutenez, parte-hartzea handia izan zen: 75 lagunek eman zuten izena.

Mailaka

Elite mailako neskak irten ziren lehenengo. Osintxu eta Bergara artean bi itzuli egin ostean gazte mailako neskak gehitu zitzaizkien hasieratik lasterketan zeuden neskei. Ondoren, Zubillagaraino joan ziren eta hurrengo itzulian kadete mailako neskak sartu ziren lasterketara. Azken itzulia Osintxu eta Zubillaga artekoa izan zen.
Azken itzuli horretan taldetxo batek ihes egin zuen tropel nagusitik, tartean zegoen Leire Olaberria irabazlea. Osintxuko helmugan esprintean jokatu zuten lehenengo postua; Olaberria izan zen azkarrena Debora Galvezen aurrean. Gipuzkoarrak  02:19:04ko denbora egin zuen. Hirugarrena Ane Santesteban izan zen.

Euskadiko txapelketa

Osintxuko lasterketa Euskadiko txapelketarako puntuagarria da. Bederatzi proba dira denera, eta Osintxukoa seigarrena izan da. Orain arte jokatu dituzten probak kontuan hartuta, elite mailan txapelketako liderra da Cristina Alcalde.

Gazte maila

Gazte mailan Tania Calvo izan zen azkarrena –01:42:07–; bigarren Irene Usabiaga sartu zen eta hirugarren Dorleta Eskamendi. Hirurek denbora berdina egin zuten helmugan.
Euskadiko txapelketari dagokionez Tania Calvo Osintxuko txapelduna da sailkapen orokorrean lehenengoa ere.

Kadete maila

Guttrans taldeko Alicia Gonzalez izan zen kadete mailako azkarrena. Maiten Hernandez izan zen bigarrena eta Zuriñe Viana hirugarrena. 57:07ko denbora egin zuten hiru txirrindulariek.
Euskadiko txapelketako liderra kadete mailan Eider Merino da, baina zapatuan ez zen Osintxuko proban egon.

Leire Olaberria

Pistako denboraldia amaitu berri du Olaberriak: "Udazkenera arte geldi egon beharrean errepideko lasterketak egitea pentsatu dut", azaldu du. Olaberriaren asmoa da gorputzaldia ez galtzea, eta 2012ko Londresko olinpiar jokoetan parte hartu ahal izateko puntuak lortzea. Bada, bide onean doa gipuzkoarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak