Lehenbiziko ehun egunen balorazioa egin du EAEk

Edu Mendibil 2007ko aza. 5a, 10:07
EAEko zinegotziek prentsaurrekoa egin zuten aurreko astean, udaletxean eman dituzten lehenbiziko 100 egunen balorazioa egiteko. Agurne Barruso alkateak lau ardatz izan zituen aztergai komunikabideen aurrean: lehenbizi, aurreko udal gobernua kritikatu zuen, planifikazio eta ikuspegi falta leporatuz: "Ez dugu ikusi Bergara ikuspegi estrategiko batekin antolatzeko saiakerarik egin denik. Ez da hausnarketarik egin, etorkizunean zelako herria nahi dugun aztertzeko. Proiektu erraldoi eta faraonikoak diseinatu dira, baina ez da planifikazio finantzariorik egin. Ondorioz, zorpetze maila handia dauka Udalak gaur".

Aurreko agintaldiaren gestioa "presidentzialistatzat" jo zuen Barrusok: "Ez dugu ondo ikusten pertsona bakarra izatea erreferente nagusia. Hainbat proiektutan, kontrol politiko eza nabaria izan da. Maiatzean heldu ginen udaletxera, eta herentzian hainbat arazo jaso ditugu, arazo zaharrak, denbora muga zorrotzekin; horren adierazle da eskolen azpiegiturarekin gertatutakoa".

Herrigintza berreskuratu

EAEk Udalean dituen sei zinegotziak izan ziren asteleheneko prentsaurrekoan. Azken urteotan defizit demokratikoa nabaria izan dela adierazi zuen alkate berriak: "Herritarrak ez dituzte kontuan izan, ezta udalbatzako beste alderdiak ere". "Eskuineko baloreak" garatu izan direla azpimarratu zuen Barrusok.

Oposizioari ateak zabaltzeko gertu azaldu ziren EAEko zinegotziak, demokrazia parte-hartzailea bultzatzeko asmoz. Herritarrek ere zeresana izango dute. Esaterako, ordenantza fiskalak direla eta, bi bilera deitu dituzte osoko bilkuren aretoan, hilaren 14an eta 21ean, 19:30ean. Aurrekontuak lantzeko orduan, herritarren iritzia jakin nahi dute: "Herrigintza kontzeptua berreskuratu nahi dugu". Azkenik PSE-EEren oposizio "populista" salatu zuten, eta azaro erdialderako auditorioaren eta Mizpirualde egoitza handitzearen exekuzio proiektuak eskuartean izango dituztela aurreratu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak