Lazkano bergararraren lanak Bilboko Arte Eder museoan

Mireia Bikuña 2010eko irailaren 24a

Urriaren 4tik 2001ko urtarrilaren 16ra arte ikus ahalko dira Lazkanoren 76 lan. Horietatik 54 tamaina handiko eta ertaineko margolanak dira: 34 lan 1999 eta 2006 urteen artean egin zituen, eta beste 20, berriagoak dira, 2009. urtean egindakoak. 54 lan horien gai nagusia Arte Eder Museoa bera da.

Bi urteko lana

Bi urte eman ditu margolari bergararrak Bilboko erakusketa prestatzen. "Lan mardula" izan dela esan digu, baina gustura geratu dela: "Pinturan hasi nintzenean arkitektura nuen oinarri. Garai hartako margoak ikus ahalko dira. Bilakaera baten ondorioz, arkitektura naturarekin ordezkatu dut. Hasierako lanetan eraikinak ziren protagonista. Azkeneko lanetan natura, zuhaitzak, zerua... dira nagusi. Bilakaera hori da erakutsi gura dudana, eta hori erakutsi ahal izateko  bi urteko lana egin dut. Lan mardula izan da, baina gustura nago emaitzarekin. Ea bada, ikusleek erakusketaren izenburuak dioen bilakaera ikusteko gai diren".
Artelanekin batera, 2008an egindako 28 zirriborro jarriko ditu ikusgai, erakusketaren osagarri moduan. "Erakusketarako aukeratu ditudan koadroetan, ez da islatzen lan bakoitza egiteko bizi izan dudana. Sentimendu guztiak margolanetan batzea oso zaila da. Hori horrela, alor pedagogikoa lantzeko, gela berezi bat jarriko dugu margolan batzuen zirriborroekin. 28 lan egiteko jarraitu dudan prozesua erakutsi nahiko nuke. Estudioan bizi izandakoa, alegia", esan digu.
Bestalde, irudiz jantzitako katalogo bat jarriko du, margolan bakoitzaren gaineko testu batekin. "Lan bakoitzaren gaineko informazioa laburbildu dut. Hain justu ere, margolan bakoitzaren gaineko zertzeladak", dio Lazkanok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak