Lau urterako berdintasun Plana garatu du Udalak herritarren laguntzarekin

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko mar. 9a, 18:41
Udal barruan zein kalean eragingo du. Planaren baitan berdintasun teknikariaren figura sortu dute eta batzordea eratzea ere aztertzen dihardute.

Udalak Emakume eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Diagnostikoa eta Plana diseinatu berri ditu eta horren berri eman dute gaur, martitzena, egindako prentsaurrekoan. 2009an abiarazitako ekimenaren emaitza da eta prozesu parte-hartzailea izan du oinarrian. Hain justu ere, Udal ordezkariek, Udal teknikariek eta esparru askotako herritarrek hartu dute parte –guztira 69 pertsonak–, sei lantaldetan banatuta.
Roberto Martinez Ongizate saileko batzordeburuak azaldutakoaren arabera, "Udalak emakume eta gizonen arteko bedintasuna bultzatzeko konpromisoa dauka", eta hortik abiatuta, "ezberdintasun egoera ezagutu eta eskuhartzeko esparruak definitu" nahi izan dituzte. 

Lau urterako plana

Zortzi eremu nagusi landu dituzte, eta horiek jasotzen ditu Planak: Udaleko zerbitzu orokorrak, kultura eta euskara, kirola, hezkuntza, enplegua eta etxeko lana, gizarteratzea, osasuna, hirigintza, garraio publikoa eta ingurumena. 
Eremuotan eta diagnostikoa kontuan hartuta, helburu jakin batzuk adostu dituzte, beti ere, honako lau ardatzen arabera: zeharkakotasuna, ahalduntzea, bateragarritasuna eta erantzukidetasuna eta emakumeen aurkako indarkeria.
Planak lau urteko epean lantzeko helburuak jasotzen ditu, hortaz, "urratsez urrats gauzatuko dugun plangitza da", azaldu du Martinezek.

Berdintasun teknikaria

Zinegotziak aitortu duenez, Planean jasotako betetzeko zereginak asko dira, eta gehitu du: "Helburuak, ekintzak eta epeak finkatzearekin ez da nahikoa. Hasierako argazkiak, diagnostikoak, garbi azaldu digu emakume eta gizonen aukera berdintasuna zer den ulertzea eta barneratzea ez dela hain erraza. Agian egunero begien aurrean daukagun errealitatea delako eta ohitu egiten garelako". Hori dela eta, Planaren lehentasunetako bat da Udal langileen eta politikarien sentsibilizazioa eta trebakuntza, arlo guztietan eragingo duen Plana delako. Berdintasun teknikariaren figura ere sortu dute eta Arantzu Loidik beteko du lan hori.

Lau arlotan eragingo du

Planak lau arlotan eragingo du: batetik, Udal barruko egitura teknikoan –berdintasun teknikariaren formazioa eta abiatzea eta Udaleko beste sailekin harremana–. Bestetik, Udal egitura politikoan –batzorde edo sail berezitua sortzeko aukera aztertzen dihardute–; hirugarrenik, ebaluatzeko tresnak, hau da, Udal barruko datu bilketetan, estatistiketan eta dokumentazio lanetan, esaterako, genero ikuspegia txertatzen hasiko dira; eta, azkenik, herritarrendako sentsibilizazio kanpainak egingo dituzte, besteak beste.
Horrekin guztiarekin, "proposatutako ekintzetan, emakumeen interesak eta beharrak ezagutzea eta kontuan hartzea izango da gakoa", azpimarratu du Martinezek, "balantza aztertzea eta orekatzea, interpretatzea eta bereziki emakumeen parte-hartzea sustatzea.
Planaren zein diagnostikoaren argibide gehiago aurrerago emango dituztela aurreratu zuen: "Txostena Emakunden dago. Han aztertu behar dute eta oniritzia jaso eta gero eman ahal izango dugu argibide gehiago", azaldu du Martinezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak