Lau t'erdiko pilota txapelketaren antolatzaileak pozik, orain arteko jaialdiekin

Goiatz Arana Begiristain 2010eko urtarrilaren 7a

Abenduaren 26an hasi zen txapelketa. Partidu asko jokatu dira egun gutxitan, eta Udal Pilotalekuko harmailak bete egin dira, aldi oro.

Elgetan urtero egiten da lau t'erdiko pilota txapelketa, baina Bergaran lehen aldiz egin da aurten. Bertan, gainera, ez dago adin mugarik, eta 24 urtetik gorakoek ere esku hartu dezakete, Elgetakoan ez bezala.

Abenduaren 26an jokatu ziren Bergarako txapelketako lehen partiduak eta dezente jokatu dira orduz geroztik. Udal pilotalekua kultur ekintzetarako hartuta zegoela-eta, Antzuolan egin dituzte lau jaialdi, baina gainerako denak Bergaran jokatu dira eta bertan jokatuko dira hemendik aurrerako guztiak ere. Batekoek eta bestekoek izandako erantzuna ez da berdina izan,  herri bietan pilota bizitzeko modua ezberdina delako, Reyes Azkoitiaren esanetan: Antzuolako jaialdietan ez da jende asko batu; aldiz, Bergarakoetan zalez bete dira harmailak aldi oro eta giro aparta sortu zen, besteak beste, Errege bezperakoan.

Orain arte jokatutako partidu gehienak motzak izan dira, ohi baino azkarragoak, gutxi batzuk baino ez dute iraun ordu erdi baino gehiago. Eta pilotariei dagokienez, agerian geratu da batzuk eta besteek dezente maila ezberdina dutela. Antolatzaileek bazuten gogoa Mendoza eta Etxeberri kantxan ikusteko baina, azken orduko lesioak tarteko, ez batak ez besteak ez du Bergaran jokatzerik izan. Olanguak, berriz, mendean hartu zuen Bilbao, baina biak aritu ziren bikain eta partidu polita egin zuten. 

Etxeko pilotariak, espero baino okerrago

Hain ondo ez edo espero baino maila baxuagoa eman dutenak, aldiz, etxeko pilotariak izan dira; jada jokatu duten Bergarako pilotari denak kanpoan geratu dira. Ander Muguruza da orain jokatzeke geratzen den bakarra; Muguruza zuzenean sartuko da final hamaseirenetara.

Martxoaren 23an bukatuko da txapelketa  eta, orotara, 86 parte-hartzaile ariko dira nor baino nor, gehienak Euskal Herrikoak baina baita Errioxakoak ere. Hamaseirenetara iritsi arte, zapatutan jokatuko dira partiduak; hamaseirenak eta final zortzirenak, berriz, martitzenetan. Sarrera doan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak