Auzunearen barrualdea oso egoera txarrean dago, eta aparkalekua zuloz josita. Aparkaleku hori lorategi bihurtuko dute eta ezingo da autorik bertan aparkatu, eta eserlekuak ere ipiniko dituzte. Gainera, dekorazio argiak eta beste zenbait zerbitzu gehituko dituzte, hala nola, lur azpiko saneamendua egingo dute, eta hau izango da auzokideek ordaindu beharko dutena. Lan hauek,bi hilabete eta erdian egon beharko dute amaituta. Behin obrak amaituta, Udala arduratuko da auzunearen mantenu lanetaz.
San Antonioko lanak
San Antonio auzoko lanak, berriz, Zumelaga jatetxe parean hasiko dituzte, eta Martoko auzoko lehenengo etxeetaraino pasealekua egingo dute; guztira, 200 metro inguru. Kamiñeruen orubean eraikitzen diharduten etxebizitzen ingurua urbanizatu egin behar dela eta, inguru guztia txukuntzea erabaki du Udalak. Pasealekua errekaren kontra joango da, eta hormigoi inprimatuzko zoladura ipiniko diote; gainera atseden tokiak eta berdeguneak izango ditu: eserlekuak jarriko dituzte, pergolak eta baita kale-argi berriak. Oinezkoendako pasealekua izateaz gain, aparkalekuak ere egokituko dituzte. Aparkalekuok pasealekuaren paralelo egingo dituzte. Lanak, bi hilabete eta erdian amaituta egon beharko dute. San Antonioko lanen aurrekontua 216.517 euro da.