Larrialdietako plana eguneratu eta onartu du Udalak

Jasone Zabala 2008ko irailaren 15a

Uholde, sute edo istripu larriei aurre egiteko herriak zer baliabide dituen eta egoera horietan zer egin jasotzen du planak


Orain arteko larrialdi plana eguneratu egin du Udalak. "Aurreko planak 10 urte zituen eta denbora horretan herria aldatu egin denez, eguneratu egin dugu", azaldu du Agurne Barrusok.
Larrialdi plan horrek jasotzen du uholde, sute edo istripu larri bat dagoenean, adibidez, nola jokatu. "Batetik jasotzen du horrelako egoera bati aurre egiteko Udalak zer baliabide, dituen, langile eta material aldetik. Baita herrian dauden baliabideak ere. Adibidez, hormigoia egiteko aparailua behar izanez gero, badakigu nortzuk duten eta nora deitu dezakegun hori lortzeko", dio Alfonso Alonso udaltzainburuak. "Bestalde, horrelako egoera baten aurrean sortzen den "krisiaren mahaia" nortzuk osatzen duten ere jasota dago. Alkatea, udaltzaina, Jaurlaritzako teknikari bat eta hirigintzako edo dagokion arloko teknikaria egongo dira. Ardura nagusia alkateak du", jarraitu du Alonsok.

Berrikuntza

Plan honek gasa mozteko puntuak herriko zein tokitan dauden ere jasotzen ditu; aurreko planean ez ziren agertzen puntu horiek.  
Herriko larrialdi plan berri hori joan den asteleheneko ez ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak. EAJ abstenitu egin zen, "aldaketak ez dizkigulako inork azaldu", Juanjo Arrietak esan zuen moduan. Beste alderdiek alde bozkatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak