Larramendi industrialdea prest dago

Goiena 2010ko ira. 7a, 16:39
Amaitu dituzte lanak Larramendi industrialdean. 300.000 metro koadrorekin, Gipuzkoako gune handienetakoa da eta enpresa handiak izango dira bertan joango direnak ere. Sprilurrek 25 milioi euro inbertitu ditu poligono berri horretan. Udazkenean inauguratuko dute industrialde berria.


Eusko Jaurlaritzaren Industria saileko Sprilur sozietate publikoak prest du Bergarako Larramendi industrialdea; uztailean amaitu zituzten 300.000 metro koadroko gunea eraikitzeko lanak. Gipuzkoako industrialde handienetakoa da eta Eusko Jaurlaritzak du hori kudeatzeko ardura. Printzipioz, enpresa handiak hartuko ditu, hala eta guztiz ere, bertan instalatzeko interesa agertzen duen enpresa oro jar daiteke Sprilurrekin harremanetan. Debagoieneko Industrialdeko gerente Fernando Narzisok esan du Debagoiena kokapen estrategikoa dela horrelako industriagune erraldoi baterako, bailarako kooperatibak hornitzen dituzten enpresek aurrerantzean Bergaran ezartzeko aukera izango dutelako.

Sprilurrek Bergaran egiten duen bigarren industrialdea da hau: Labegaraietakoa eraiki zuen aurretik, eta Larramendikoa etorri da orain. 25 milioi inbertitu ditu Sprilurrek bertan eta bederatzi lursailetan banatuta dago. Bederatzi horietatik baina, lau banatu daitezke gehienez. Bergarako Udalari lur zati bat dagokio eta aztertu egingo du zer egin: han eraiki eta erabili, edota Sprilurri saldu. Hori bai, hainbat zerbitzu mantentzeko ardura izango du Udalak, argiteria eta bideen mantenimendua, esaterako.

Lanok bi urte inguru iraun dute eta industrialdeko ingurua erabat urbanizatu dute: biribilgunea, Larramendira sartzeko bidea, poligono barruko bide nagusia eta aparkalekuak egokitu dituzte, besteak beste. Udazkenean inauguratuko dute industrialde berria. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak