Lanpostuak sortuko dituen enpresa berri bat diruz lagunduko du Udalak

Maider Arregi 2007ko mai. 18a, 10:37
Gehienez 620.000 euroko diru-laguntza emango dio gutxienez 50 lanpostu finko sortuko dituen enpresa jarduera berri bati, lehiaketa bidez.

Bergarako Udalak dirulaguntzak emango dizkio enpleguak sortuko dituen enpresa proiektu berri bati. 620.000 euroko dirulaguntza emango du, gehienez. Maiatzaren 11n egindako presazko ez ohiko bilkuran onartu zuen erabaki hori osoko bilkurak, EAJ-EA eta PSE-EE alderdien botoekin. Aralar abstenitu egin zen.

50 lanpostu

Dirulaguntza hori eskuratu ahal izateko, lehiaketa antolatuko du Udalak eta aurkezteko asmoa duten enpresek hainbat baldintza bete behar izango dituzte. Adibidez, industria jarduera berriak dakartzaten ekimenak izatea eta lehen hiru urtealdietan gutxienez lan jardun osoko 50 lanpostu finko sortuko dituen enpresa sustapenak izatea. Ez da nahikoa herrian lehendik dauden enpresak tokiz aldatzea, jarduera berriak izan behar dira.
Obra edo eraikuntza proiektuaren exekuzioa beranduenez 2008an hasi beharko dute eta 2009an ekin beharko lirateke lanean. "Pentsatu dugu Murinondoko industria gune berrian kokatzea industria berri hori", zehaztu du Victoriano Gallastegi alkateak. "Berez enpresa bakarrari emango diogu dirulaguntza, nahiz eta enpresa nagusi horren barruan beste enpresa bat ere sortu", jarraitu du alkateak. Gutxienez 20 urtetan egon behar da enpresa hori Bergaran.
Udalak emango duen dirulaguntza ez da aurrekontuan jarritako 620.000 euroko baino handiagoa izango eta dirulaguntzaren zenbatekoa baloratzeko orduan bi gauza hauek hartuko dituzte kontuan: enpresa proiektua eta gutxienez sortu behar dituzten 50 lanpostu finkoetatik aparte sortutakoak.

Bigarren aldiz

Ideia hau ez da berria Bergarako Udalarendako, bigarren aldiz deitu baitu horrelako lehiaketa bat. "Lehenengoa duela bost urte egin genuen", gogoratzen du alkateak. "Orduko lehiaketa GKN enpresak irabazi zuen. Oraindik martxan dagoen enpresa da eta esperientzia hori errepikatzea erabaki dugu", jarraitu du Victoriano Gallastegik.
Udalbatzak onartutako erabaki horren oinarriak eta baldintzak  eguaztenean publikatu zituen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak eta eskaerak egiteko epea dagoeneko zabalik dago; boletinean agertu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 15 eguneko epe barruan aurkeztu behar dira eskaerak Udaleko erregistro nagusian. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu behar dira, tartean enpresa proiektua (produktua, merkatua, produkzioa, helburuak, giza baliabideak, inbertsioak).
Aurkeztutako eskaerak Udaleko Hazienda Batzordean aztertuko dira. Horrek udalbatzari proposatuko dio adjudikazioa eta udalbatzak 15 egun izango ditu ebazpena emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak