Lana aurkitzea ia ezinezkoa zaienei begira, abian da Auzolan ekimena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urt. 10a, 14:13
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzari esker, abian jarri du Bergarako Udalak Auzolan ekimena. Enplegua sustatzeko programa da, lana aurkitzeko arazo latzak dituztenei begira. Izan ere, helburu nagusia da lan mundua ezagutaraziz, zortzi pertsonari gizarteratzen laguntzea.

Programan parte hartu ahal izateko ezinbesteko hiru baldintza zehaztu zituen Udalak: diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzea –kide bakarreko familiak lehenetsiz–, Oinarrizko Errentarako eskubidea duen titularraren bizikidea izatea eta lana aurkitzeko arazo latzak izan eta gizarteratze-hitzarmena sinatuta izatea.
Bergaran lehen aldia da modu honetako enplegu sustapenerako ekimen bat martxan jartzen dela. Arrasaten, esaterako, Udalak abiarazi zituen herriko bide eta gune publikoen mantentze-lanetarako aldi baterako lan kontratuak.

Herriaren mantentze-lanak
Bergararen kasuan lan kontratua egin aurretik, parte-hartzaileek prestakuntza denboraldi bat egingo dute. Hasi dira dagoeneko, urtarrilaren 7an hasi ziren. Eta prestakuntza garaia hilaren 20ra arte luzatuko da. Goizez arituko dira, 9:15etik 12:15era; guztira 215 ordu. Lantaldeak lanbidez teknikaria den pertsona bat eta tutore koordinatzaile bat izango ditu. Lehenaren helburua prestakuntza eman eta lanaren jarraipena egitea izango da; eta tutoreak, berriz, gizarteratze prozesuetan lagunduko du.
Bide eta gune publikoen mantentze-lanak egingo dituzte, hala nola, hiri-altzariak eta lokal publikoak margotzea, kale ekipamenduaren mantentze-lanak egitea, espaloiak konpontzea, espaloi berriak egitea... Prestakuntza garaia gogor hasi zuten, joan den egubakoitzean elurtea dela-eta gatza botatzen aritu ziren-eta Bergarako kaleetan.

Lan kontratua egiteko asmoa
Marije Unamuno Udaleko Enplegu saileko arduradunak jakinarazi duenez, "asmoa da guztiei lan kontratua egitea". Formazioa emateaz gain, parte-hartzaileak lanera bideratzea da-eta Auzolan programaren azken helburua. Lan kontratua sei hilekoa izango da, uztailaren 20ra arte iraungo du. Astero 30 orduz egingo dute lan.
Lehen aipatu moduan, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimena da Auzolan. Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak langileen soldataren kostuak –Gizarte Segurantza izan ezik– eta prestakuntza, laguntza eta jarraipen kostuak hartuko ditu bere gain. Eta Bergarako Udalak, berriz, Gizarte Segurantza eta lanak egiteko beharrezkoak diren elementu guztiak ordainduko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak