LABek deituta protesta egin dute Arcelor lantegiaren aurrealdean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko aza. 17a, 18:54
Munduko altzairu ekoizle nagusia den Arcelor Mittal enpresa gogor astindu du krisiak. Ondorioz, Olaberria, Zumarraga eta Bergarako produkzioak %40 egin du behera azken hiruhilekoan, eta horren aurrean neurriak hartu ditu zuzendaritza taldeak: kontratua eten die azpikontratatuta zituen 500 langileei. Bergarako lantokiari dagokionez, 50 langile inguruk dute lana.

Neurri horiek salatzeko, LAB sindikatuak kontzentrazioa egin du gaur eguerdian Arcelor lantokiaren kanpoaldean. Jose Luis Loidi LABeko ordezkariak esan du Bergarako lantegian 50 langile inguruk galdu dutela lana. Gehienak azpikontratatutakoak direla, baina beste hiru langile behin behinekoak direla gaineratu du. 

Etekinak izan ditu enpresak

"Pentsatzen dugu, etekinak beste modu batera erabilita arazo sozialari beste irtenbide bat eman ahal zaiola, hain traumatikoa ez dena. Kontuan hartu behar da iaz Bergarako lantegiak 65 miloi euroko irabaziak izan zituela, eta aurten, irailera arte 40 miloi euroko irabaziak izan dituela", adierazi du Loidik. "Gure ustez, etekin horiek izateko behin behineko langileen ekarpena beste guztien berdina izan da", gaineratu du. LABeko ordezkariaren ustez, Olaberriako enpresa erreferentzia izan behar da auzia kudeatzean. Eskatzen dute, behin behineko langileen egoera behin betikoen bera izatea.

Enpresak dioena

Arcelorreko komunikazio arduradun den Ignazio Agredak esan digu enpresak ez duela "inor kaleratu". Erainkuntza krisiaren ondorioz, lan zama jaitsi dela aitortu du eta ondorioz hainbat enpresekin lan harremana moztu dutela. Gaineratu du langile horiek ez dutela zertan lan barik geratu behar.

Behin behineko langileen kasuan, esan du urteko garai honetan ohikoa dela behin behineko langileak kaleratzea.

Lan zama %40 inguru jaitsi da

Arcelorreko zuzendaritzak onartu du Gipuzkoako lantegien lan zama %40 inguru jaitsi dela azken hiruhilekoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak