San Joxepe erretiratuen elkarteak kultura hamabostaldia antolatu du. Urriaren 13tik 25era bitartean, hitzaldiak, erakusketa, irteera, umeendako jolasak eta bazkaria egingo dituzte, besteak beste.
Jonan Fernandezen hitzaldia
Dagoeneko 12 urtez jarraian antolatu du kultura hamabostaldia San Joxepe elkarteak, azken hirurak izan ezik, Antzuolako erretiratuekin batera. Urtero gai zehatz bat aukeratzen dute eta horren inguruko hitzaldiak eta ekitaldiak prestatzen dituzte. Aurtengo gaia etika da. "Gai zabala da etika baina guk lau ikuspuntutik landuko dugu: egia, zintzotasuna, ekitatea eta errespetua. Horren harira, Genaro Lekuona, Patxi Meabe eta Jonan Fernandez datoz hitzaldi bana ematera", aurreratu du Karlos Arrondok, San Joxepe erretiratuen elkarteko presidenteak.
Hitzaldiez gain, erretiratuek egindako eskulanen erakusketa, Bergarako auzoak eta Segura ezagutzeko irteerak, Oñatiko erretiratuen Ikusi Makusi antzerki taldearen Nos vamos de vacaciones antzezlana eta umeendako jolasak egongo dira. "Belaunaldi ezberdinak nahastu, elkartu, gura ditugu eta gaztetxoendako ere izaten ditugu ekitaldiak: jolasak, esaera zaharrak osatzeko jokoa eta herriko kultura eta historiari buruzko lehiaketa, adibidez. Gero eta arrakasta handiagoa du gaztexoendako prestatutako egitarauak; 200 ume inguru elkartu izan dira", dio Luis Larrañagak, San Joxepe elkarteko zuzendaritzako kideak.
Herritar guztiendako
San Joxepe elkarteak antolatutako kultura hamabostaldiko ekintza hauek, baina, ez dira erretiratuendako soilik, herritar guztiendako baizik. Horrela, ekintza batzuk elkartetik kanpo egingo dituzte; hitzaldiak, adibidez, Miguel Altuna Institutuko aretoan izango dira eta herritar guztiak daude gonbidatuta.