Kultura etxeko wi-fi zerbitzuak oso harrera ona izan du ipini zutenetik

Leire Kortabarria 2010ko mar. 4a, 18:27
Wi-fi sareak hedatzen jarraitzen du Debagoienean. Sare horrekin bat egiten azkena, orain arte, Bergarako Udala izan da, kultura etxean wi-fi zerbitzua ipinita. Abenduan ipini zuen, eta, oraingoz, Bergarako udal zerbitzu bakarra da wi-fia doan ematen duena. Bada, oso harrera ona izaten dabil, udal arduradunen esanetan.

Estaldura du kultura etxearen eraikin osoak, eta kanpoko inguruak ere bai; hala, eguraldia lagun denean, kultura etxea dagoen parketik ere konekta daitezke herritarrak Internetera, doan, eskuko ordenagailua erabilita. Oraingoz, erabilera askea da eta egun osoan dago aktibatuta sarea. Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker jarri da zerbitzua, eta 9.000 euroko kostua izan du.

Debagoieneko kultura etxe gehienetan badago wi-fia, eta orain, Bergarakoan ere bai. Kultura zerbitzuburu Mikel Elkoroberezibarrek hauxe dio: "Orain arte bazegoen zerbitzua, baina oso mugatua zen, banda oso estua zelako. Hortaz, bazegoen premia bat. Harrera oso ona izan du, neurri positiboa izan da".

Liburutegiko arduradunek ere balorazio ona egiten dute. Mila Agirrezabal arduradunak honela dio: "Eramateko ordenagailua, poltsikoko telefonoa… gero eta tresna garrantzitsuagoak dira, eta toki publikoetan wi-fia izatea ere ohiko bihurtu da. Liburutegira ere, gero eta jende gehiago etortzen da bere ordenagailuarekin. Abendu inguruan, batez ere unibertsitate ikasleak etortzen ziren; gerora, DBHkoak, lanera datorren jendea…"

Taberna eta kafetegietan

Bergaran, oraingoz, kultura etxea da zerbitzu hori eskaintzen duen udal eraikin bakarra; baina wi-fia oso hedatua dago herrian, eta zerbitzu pribatu batzuek ere ematen diete euren bezeroei doan nabigatzeko aukera. Hala, beste herrialde batzuetan oso ohikoa den fenomeno bat hemen ere hedatzen dabil: taberna, kafetegi eta halakoetan jendea bere eskuko ordenagailuarekin nabigatzen ikustea. Hala, Cafe Bergara kafetegiko –lehen Lasa zena– arduradunek ematen dute zerbitzu hori uztaila ezkero. Doakoa da, eta bezeroek pasahitza eskatu behar dute. "Bezeroendako beste zerbitzu bat da", arduradunek esaten digutenez. Bergarako wi-fi mapa egiten ibili ziren joan den maiatzean Uni Eibar-Ermua institutuko irakasle eta ikasle batzuk, eta honako helbidean ikus daiteke non dagoen wi-fia Bergaran: www.tagzania.com/tag/bergarawifi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak