Kultura eta gastronomia elkartea egin gura dute Angiozarren

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko apirilaren 18a

Hasi dira auzoko lokalak begira eta bazkideak egiteko deia egin gura dute orain. Bazkidearen giltzarekin bikotea ere sartu ahal izango da, berdin-berdin erabiltzeko

Kultura eta gastronomia elkartea sortu gura dute Angiozarren. Proiektua gauzatzen ari da auzoko taldetxo bat, lokalei begira ibili da eta bazkideak lortzeko deia egin gura dute orain.
Proiektuaren ideia berria da, duela hilabete inguru hasi ziren forma ematen.

Diruaren kalkuluak ere atera dituzte. Horrela, pentsatuz elkarteak 120 bazkide izango dituela, 800 euro jarriko ditu bakoitzak hasieran, eta 25 euroko kuota hilabete bakoitzean. Diru horrekin ordainduko dute lokalaren errenta eta uraren, argiaren edo garbiketa zerbitzuaren fakturak, esaterako. Auzoan ikusi dituzten lokalen artean, 120 lagun inguru sartzen diren bat ikusi dute eta hori izan dute oinarrian kalkuluak ateratzeko. Bazkide gutxiago elkartzen badira, proiektuarekin aurrera egin edo ez erabakiko dute bilera baten, baita elkartearen estatutuak eta erabilpenaren inguruko proposamenak ere.

Bikotea ere sartu daiteke
Bazkidearen giltzarekin bikotea ere sartu ahal izango da sortu gura duten elkarte horretara eta bazkideak bezala erabili ahal izango du. Horixe da elkartearen berezitasun bat.

Egun elkarte gastronomiko bat dago Angiozarren eta sortu gura duten honetan, gastronomia ez ezik, ekintza kulturalak eta aisialdikoak ere landu gura dituzte. Familia giroko elkartea izatea gura dute. Auzotar batzuk eman dute dagoeneko izena bazkide egiteko baina interesa duen edozein garaiz dabil oraindik apuntatzeko. Horretarako, bi telefono hauetako batera deitu behar du: 669567404 edo 605745828. Bi urteko konpromisoa hartu behar du bazkide sartzen denak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak