Kontzertuekin zein liburu eta disko batekin ospatuko dute Musika Bandaren urteurrena

Jon Berezibar 2007ko urtarrilaren 10a

Bergarako Udal Musika Bandak 175 urte egingo ditu aurten. Horregatik, kontzertu eta ekitaldi berezi sorta batekin ospatuko dute urteurrena datozen hilabeteetan. Gainera, taldearen historia jasoko duen liburua eta disko bat ere argitaratuko dute. Uztailean izango da urteurren jaialdia.

Kontzertu sorta bereziek osatuko dute urteurren ospakizunen muina. Hala, Bilbo, Gasteiz eta Tolosako bandek kontzertuak egingo dituzte herrian datozen hileetan. Hain zuzen ere, hiru taldeek harreman estua dute Bergarako bandarekin. Bergarakoek, baina, uztailaren 15ean egingo dute jaialdi handia. Ondoren, bandako egungo kideekin eta ohiekin bazkari herrikoia egingo dute.

Bandaren historia liburu baten

Liburua eta diskoa ere kaleratuko dute Udal Bandakoek aurten. Juan Luis Bikuña kazetariak idatziko du bandaren historia azalduko duen liburua. Euskaraz eta erderaz, 200-300 orritan Bergarako kazetariak taldearen bizitza jasoko duen liburu "arin eta irakurtzeko atsegina" izango dela aurreratu zuen atzoko prentsa aurrekoan. Irailaren 15erako gertu izan gura dutela ere gehitu zuten aurkezpenean. Azaroan, aldiz, diskoa kaleratuko dute, bandak urteetan zehar jotako hainbat piezarekin. Zehazki, Miguel Gonzalez Bastida eta Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatutako 8 pieza izango dira. Maiatzean ekingo diete grabaketei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak