Indiak aspalditik erakartzen zintuen, ezta?
Hala da. Neskalagunak eta biok bagenuen India ezagutzeko gogoa eta 2008ko udan hara joatea erabaki genuen. Ez nintzen argazkiak ateratzera joan, aisialdirako bidai moduan planteatu genuen. Hala ere, ohitura moduan daukat joaten naizen lekura kamera eroatea.
Eta zer aurkitu zuen han zure kameraren objektiboak?
Indian ia dena da argazkirako gaia, edonon dago enkoadraketa polit bat. Kontraste handiko herrialdea da: pobrea eta aberatsa oso gertu bizi dira. Horrez gain, koloreak oso bereziak dira, baita hango arkitektura ere. Hala ere, bereziki zentratu naiz indiarrengan; euren begiradak, keinuak... Adin guztietako jendeari atera diot argazkia. Bestalde, Indian pisu handia duten gaiak ere jasotzen ahalegindu naiz; trena eta erlijioa, esaterako.
Erakusketarekin zer da erakutsi gura duzuna?
Indiaren argazki bat erakutsi gura dut, hainbat argazkiren bitartez. 92 argazki erakutsiko dira eta horrez gain, musikaz girotutako ikus-entzunezko bat ere jarriko dugu. Ikus-entzunezkoan erakusketan jarri ez ditudan beste hainbat argazki ikusi ahalko dira.
Lehen erakusketa herrian izatea berezia izango da, ezta?
Bai. Erakusketetara joateko ohitura daukat, asko gustatzen zait-eta argazkiak ikustea. Horregatik aspalditik izan dut nire erakusketa zabaltzeko gogoa, eta Aroztegi zabaldu zutenean oso leku aproposa iruditu zitzaidan erakusketak egiteko; herrian bertan dago, gainera.
Bada, lehen erakusketa Bergaran eta Aroztegi moduko areto baten zabaltzea, oso pozgarria da.
Zerbait gaineratzerik nahi?
Atzean izan dudan laguntza eskertu gura dut. Izan ere, proiektu txiki moduan hasi zen eta pixkanaka handitzen joan zen. Atzeko laguntza hori barik erakusketa zabaltzea ez zen posible izango.