Kofradiak ohorezko kide berriak ditu

Edu Mendibil 2008ko ira. 14a, 23:48
Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoa jendez lepo bete da gaur Erreileno eta Tostoien Kofradiaren IX. kapituluan. Mari Karmen Gallastegi Ekonomia katedraduna, Reyes Azkoitia pilota entrenatzailea, Ramon Etxaniz txistularia eta herriko jaietan antolatzaile lanetan ibiltzen diren Luis Mari Gutierrez, Felix Iñiguez de Heredia eta Felix Beitia izendatu dituzte ohorezko kofradiako ohorezko kideak, gaur eguerdian egindako ekitaldian.

Beste kofradia askok ez bezala, orain arte bergararrak bakarrik izendatu dituzte ohorezko kideak. Atzoko ekitaldian Juan Luis Bikuña kazetariak egin zituen maisu-zeremonia lanak. Erreileno eta tostoiak tartean izanik, nola ez, Bikuñak hitz gozoak izan ditu omenduendako.

Kofradia bergararrak ospatzen zuen IX. Kapituluari ekin aurretik, Alai Taldea abesbatzaren emanalditxoarekin gozatu ahal izan dute udaletxean batutakoek. Jarraian, Agurne Barruso alkatearen ongi-etorria iritsi da: "Kanpotik etorritako beste kofradietako kideei, omendutakoei eta ekitaldira hurbildutako guztiei, ongi-etorri. Bergarak bere tokitxoa izan nahi badu, berezko egiten gaituzten elementuak zaindu beharra daukagu. Hor dira, besteak beste, Bergararen izaera industriala, tradizio handia izan duen ehungintza edo eraikin historikoak, Seminarioa edo Olaso Dorrea tartean. Eskaera bikoitza egin nahi dizuet: alde batetik gure izaera herriko beste elementuekin uztartzea  eta bestetik Bergararen izena eta izaera han eta hemen zabaltzeko lanean jarraitzea".

Omendutakoen aurkezpena

Barruso alkatearen hitzen ostean, Juan Luis Bikuñak Bergarara etorritako 20 kofradiak aurkeztu ditu. Kofradia bakoitzeko kide bana igo da jarraian osoko bilkuren aretoko mahai nagusira, agintariekin eta Tostoien eta Erreilenoen Kofradiako hainbat kiderekin batera, tartean Antonia Canseco presidentea. Victoriano Gallastegi Bergarako alkate ohia da kofradiako diruzaina eta haren hitzak etorri dira gero; bereziki eskertu du Mari Karmen Gallastegi ekitaldira etorri izana, amama izan berri delako.

Esan bezala, Bikuñak hitz politak eskaini dizkie omendutakoei. Herriko jai guztietan goizetik, lehen etxafuegoa jaurtitzen dutenetik gauera, txarangaren azken doinuak entzun arte lanean jarduten duten Guti, Felisin eta Beitia mosketariak bezalako direla esan du. "Edo urrunago joanez Hirutasun Santua".  Mari Karmen Gallastegiren gainean zera adierazi du: "Gaztetan neska alaia, jatorra, gelditzen ez zen horietakoa zen eta berdin jarraitzen du. Pianorako zaletasuna zuen baina ederki menderatzen ditu ekonomiako teklak. 1991n Ekonomia sailburua izan zen, besteak beste, Ekonomia eta Ingurugiro Sari Nazionalarekin saritu zuten 2005ean eta gaur Ikerbasquen dabil. Gaur bi aldiz zoriondo beharrean gaude, esan bezala amama izan delako asteburuan". Ramon Etxaniz aurkeztean, bera moduko txistulariak ez direla geratzen esan du kazetari bergararrak. "Boni Laskurainekin batera ikasi zuen eta 1952tik dabil Udal Txistularien Bandan, bokazioa eta debozioa uztartuz". Reyes Azkoitia deitu zuten jarraian eta Bikuñak herriko pilotaren alde Reyesek egindako lana goraipatu du: "Lehen emakume pilotaria izan da eta Bergara eta Arrasateko pilotalekuetan jokatu du, beti ere elkarte ongileen alde. Hilzorian zegoen pilota saila salbatzera emakume bat etorri behar izan eta eta 1990etik egindako lan bikaina hor dago". Udaletxean batutakoek txalo zaparrada luzea eskaini diete
omenduei.

Zin-egitea

Aurkezpenak egin eta gero, zin-egitea etorri zen. Omendutakoek galdera honi eman zioten baietza: Zin egiten duzue Bergararen izen gozoa defendatu eta munduaren lau aldeetara zabaltzea; bai eta bertakoek zein kanpokoek eguneroko otordu guztietan erreilenoak eta tostoiak neurriz jan ditzaten ahaleginak egitea?

Antonia Canseco kofradiako batzordeak bastoi batekin ukitu ditu omendutako guztiak eta tostoiak eta erreilenoak dastatzearei ekin diote jarraian. Era berean, benetakotze-agiria eraman dute etxera: domina (kalean gero harro-harro erakusten zutena) eta koadroa, etxeko toki kutunen baten jarri lagun gozozaleei erakusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak