Kirol egokituak aukera asko dituela erakusteko atera dira kalera gaurko jardunaldi irekian. Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa herriz herri egiten dabilen aurkezpenetako bat izan da eta elkartearen lana gizarteratzeaz gain, ezintasunen bat dutenek dauzkaten kirol aukeren berri eman zuten, batetik, eta, bestetik herritarrak jarduerok probatzera gonbidatu.
Aukerak badaudela agertu
Ezintasunen bat dutenek ere kirol aukerak dituztela erakutsi gura izan dute plazan bertan antolatutako txapelketa eta erakustaldiekin. Garun-perlesia dutenendako boccia erakustaldia egin dute (petanka gisakoa) edota gurpildun aulkiekin slaloma egon da edota mahai-tenis txapelketa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jokalariekin. Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute herritarrak ere jarduera horietara gertura zitezen edota bizikleta egokituak eta gurpildun aulkiak proba zitzaten. "Gizarteratzea" da Alicia Figueira federazioko zuzendari teknikoak behin eta berriro dioen berba.
"Gaitasun diferenteak"
Deigarria da "ezintasun fisiko gutxien duten horiek" direla "kirola egiteko zailtasun gehien dituztenak". Gaixotasun mental ala intelektualak dituzten horietaz dihardu Figueirak, "alde fisikotik kirol gehienak egin ditzaketelako baina ez dituztelako taldeak aurkitzen". Ezinduen muga fisiko ala intelektualek benetako eragozpena gainontzekoen "barrera mentaletan" aurkitzen dute sarri. Horregatik atzoko erakustaldian kirol jardueron alde gehitzailean sakondu zuten, kirola ezintasuna dutenek zein ez dutenek elkarrekin egin dezaketela azaldu, "diferentziaren balioa" erakutsi; ezintasunak dituzten pertsonak baino "gaitasun diferenteak" dituzten lagunak aurkeztu. Pertzepzio kontua da eta horretarako jolas kooperatiboak antolatu dituzte eta makina bat gaztetxo bergarar batu zaizkie.