Honako hauek hartuko dute parte jaialdian:
- San Joxepe abesbatzak
- Aritzeta abesbatzak
- Aranzadiko neska-mutikoek 1991ko Kilometroetako kanta abesten
- Osintxuko dantza taldeak
- Alai taldeak
- Belceblues hirukoak
- Emon taldeak
- Ariznoa gimnasia erritmiko taldeak
- Musika Eskolako haurren abesbatzak
- Abarka dantza taldeak
22:00etatik aurrera
Udal pilotalekuan izango da jaialdia, 22:00etan hasita. Ordu eta erdi inguru iraungo du.Sarrerak salgai daude: Udal pilotalekuan, Elkar liburu-dendan eta Aranzadi Ikastolako idazkaritzan. Nagusiek 5 euro ordaindu behar dute eta umeek 3 euro.
Abestia
Asier Elortza Bergarako Belceblues taldeko kideak eta Aranzadi ikastolako irakasle denak egin du abestiaren musika. Letra, berriz, Jardun euskara elkarteko bertso eskolakoek egin dute.Joan zen astean grabatu zuten abestia hogeitik gora lagunek: Belceblues taldeko hiru kideek, besta hainbat musikari eta abeslarik eta Aranzadi ikastolako umeen koruak.
Aurtengo Kilometroetako abestia Country tankerako doinu dantzagarria da, lehen entzuketan sartzen dena. Hemen letra:
Argi da
Historia hartuaz
oroimenean,
Elhuyarren bonbila
piztu zenean,
elkarlanean,
Herritik ikastola
modu berean.
Gurean aitzindari
da Aranzadi,
Herriaren gogotik
indar ugari,
elkarlanari,
ikastola eredu
eta gidari.
Argi izpiak doaz
zirrikitutik,
euskara ihesean
ezpain artetik,
elkarlanetik,
etorkizuna sortuz
iraganetik.
Gure esku daukagu,
geroko giltza,
oinetan garraioa,
ahoan hitza
elkarlangintza,
hori da arrazoia
eta baldintza.
Geroaren distira.
Aurrera begira.
Argi daukagu.
Argi da.