Kilometroak jaiaren oso balorazio ona egin du Aranzadik

"Jai festa ederra: jende uholdea, eguraldi ederra, antolaketa bikaina, eta aparteko gorabeherarik ez", dio Aranzadi Ikastolak gaur ospatutako Kilometroak jaiaren gainean. Oso balorazio positiboa egin dute, eta esan dute "bikain" atera dela dena: "parte-hartzea, ekitaldiak, jendearen jarrera, antolaketa… Oso-oso pozik gaude".

Milaka eta milaka euskaltzalen bilgune bihurtu da gaur Bergara.
Adin guztietako jende asko etorri da. Eguraldia lagun izan dute eta horrek lagundu egin du.

Antolaketan ez da aparteko arazorik izan: dena aurreikusitako moduan atera da. Trafiko arazo apartekorik ez da sortu: autoz etorri direnentzako aparkaleku ia den-denak bete egin dira. Goizeko lehen orduan autobus zerbitzuan gorabehera txiki batzuk sortu dira, baina denbora tarte txikian jende asko, denak batera, hurbildu delako izan da. Gorabehera horiek berehala konpondu dira.

Zirkuituak eta ekitaldiek, harrera ona

Ikuskizunei dagokienez, dena aurreikusitako moduan bete da: ekitaldiak aurreikusitako orduetan egin dira.

Zirkuitua oso ondo zegoela antolatuta azpimarratu du jende askok: zerbitzu guneak ondo kokatuta, ibilaldi lau, urbano eta eroso egitekoa…

Labegaraieta eta Artabilako guneek izan duten harrera azpimarratu dute antolatzaileek bereziki. Anje Duhalderen emanaldiak, Pantxoa eta Peiorenak, Kautarenak, Txan Magoarenak, Betizuenak.. ikusmin handia sortu dute.

Aranzadik eskertu egin du egun osoan zehar lanean jardun duten 1.500 boluntariok egindako lana.

Hasierako ekitaldi eta omenaldi bikainak

Kilometroetako hasiera ekitaldia hunkigarria, polita eta xumea izan da. Edu Muruamendiarazek dantzatutako aurreskua, Uxue Rodriguezek kantatua, eta baita ipuin dantzatua ere izan dira.

Eguerdiko omenaldi ekitaldia ere bikaina izan da: eduki du solemne puntua, umorea eta une hunkigarriak.

Aurtengo Kilometroak jaiak Aranzadi ikastolako gurasoak omendu ditu. Guraso guztiak: izan direnak, direnak eta izango direnak. Gurasoen izenean plaka oroigarri eta lore sorta bana jaso dute hauek: Felix Altunak, Aranzadi ikastolako lehen juntako presidenteak, eta honen emazte Itziar Gabilondok; eta Aranzadi ikastolako oraingo presidenteak, Anjel Mari Egurenek, eta honen emazte Mila Alonsok.
Horretaz gain, beste omenaldi berezi bat eskaini zaio Patxi Azkargorta bergararrari. Patxi Azkargorta umetan, gerra aurretik, ikastolan ibilitakoa da Bergaran. Gerora, Azpeitiko ikastolaren sortzaileetako bat izan zen eta bizitza guztia jardun du ikastolen alde lanean. Lore sorta bat jaso du Aranzadi ikastolaren izenean.

Omenaldi ekitaldiaren ostean, lekuko aldaketa egin da udaletxean bertan. Bergarako Aranzadi ikastolak datorren urteko Kilometroak antolatuko duen Irurako Ikastolari eman dio lekua. Angel Mari Egurenek eta Patricia Urrutiak, Aranzadi Ikastolako Lehendakariak eta zuzendariak hurrenez hurren, lekukoa eman diote GIEko lehendakaria den Arantza Manterolari. Eta honek Irurako ordezkariei: Sorkunde Irazu Lehendakariari eta Josune Aiestaran zuzendariari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.