Kilometroak 07 jairako azken ukituak

Irati Agirreazaldegi 2007ko urriaren 6a

Bergaran ia dena prest dago biharko Kilometroak 07 egunerako. Zirkuituari berari, guneei eta dena ongi egon dedin azken ukituak ematen 300 boluntariotik gora lanean dihardute.

Azken egunotako euri jasak direla eta inolako kezkarik ez izateko jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, zirkuituari ez dio eragingo asfaltatua eta hormigonatua dagoelako. Gainera, guneak ez daude zelaietan kokatuta. Hortaz, ez da lokatzarik sortuko. Bestalde, iragarpenak dio domekan ez duela euririk egingo eta ostarte zabalak irekiko direla zeruan.

Zirkuituaren ezaugarriak

Lokatzik ez da egongo zirkuituan eta laua da ia bere osotasunean. Aldapa txikitxo batzuk ditu, tarte motzean eta natura gunean. Gainontzean, batik bat zirkuitu urbanoa, herri barrutik igarotzen delako. Baina natura gune batzuk ere zeharkatzen ditu. Ibilbidean herriko eraikin eder, txoko bikain eta Gipuzkoan dagoen garai (horreo) bakarra ikus daiteke: Agarrekoa.

  1. 510 metroko luzera duen zirkuituak sei zerbitzugune ditu esku-eskura. Zirkuitura sartzeko, berriz, hiru sarrera nagusi daude: Ikastola, Labegaraieta eta Matxiategi.

Garraio publikoa

Zirkuituak berak ez du trafikoa oztopatzen apenas: Bergarako sarrera-irteera nagusiak libre uzten ditu. Hala ere antolatzaileek gomendatu dute garraio publikoa erabiltzeko. Autobus antolatuetan datozenek Labegaraieta gunean dute aparkalekua, Bergarako hegoaldean.

Autoz datozenendako aparkalekuak egokitu dira San Juanen, Amillagan, Osintxun eta Antzuolan. Aparkalekuetatik zirkuitura gerturatzeko eta berriz bueltatzeko. Joan-etorria euro bat izango da.

Pesak, autobus zerbitzu bereziak jarri ditu: hiriburuetatik eta eskualdetatik; Debarroan eta Urola Kostan batik bat.

Debagoienean ordu laurdenero etengabe egongo dira autobusak.

Helbide hauetan informazio osoa: www.pesa.net eta www.kilometroak.net.

Egitarau zabala

Guneetan askotariko ekitaldiak izango dira: 21 musika talde edo bakarlari baino gehiago; umeendako jolasak, puzgarriak, tailerrak, pailazoak… artisau azoka, fiutbolin txapelketa, jaima gunea…

Zerbitzuak Zirkuituan zerbitzu gune guztiak daude premiazko guztiez hornituta eta denetan dago jan eta edatekoa. Hala ere, hiru jantoki daudebereziki gertatuta: Ikastolan, Labegaraietan eta Udal Pilotalekuan. Azken honetan, sagardotegiko menua emango dute.

Zabor gutxiago sortu eta, hala, ingurumena zaintzen aldera 150 mila edalontzi berrerabilgarri banatuko dituzte; euro baten truke eskura daitezke gune jakin batzuetan.

Boluntarioak Egun baten faltan 300 boluntariotik gora ari dira lanean jo eta ke azken ukituekin. Egunean bertan 1500 boluntario ibiliko dira lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak