Kilometroak 07 jaia aurkeztu dute

Usoa Agirre 2007ko irailaren 26a

Gaur, eguaztena, aurkeztu dute urriaren 7ko Kilometroak jaia. Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiaren helburuez gain, egunean bertan erabilgarri izango diren beste hainbat informazio ere eman dute: ibilbidea, egitaraua, Bergarara iristeko moduak...

Aurkezpenean izan dira Unai Azkarate Kilometroak 07ko koordinatzailea, Dorleta Mendibil Aranzadi ikastolako zuzendari pedagogikoa eta Begoña Lasagabaster Aranzadi ikastolako Artezkaritza Kontseiluko lehendakari ordea.

Zirkuitua

  • Herriko natura gunea eta hirigunea hartzen ditu. Baina, batik bat urbanoa izango da.
  • 6.510 metroko itzulia osatzen duen zirkuitua da.
  • Zirkuitu ia laua da bere osotasunean.
  • Ibilbidean Gipuzkoako Garai bakarra ikus daiteke: Agarre. Horretaz gain, herriko eraikin ikusgarriak.
  • Zirkuituak ez ditu Bergara eta inguruetako errepide nagusiak ukitzen. Hala, trafikoan eraginik ez du sortuko.
  • Hiru sarrera nagusi izango ditu: Labegaraieta Kiroldegian, Matxiategin eta Aranzadi Ikastolaren egoitza nagusiaren patio ondoko kalean, Ibargarain.

Guneak

1. gunea, IKASTOLA: Sarrera nagusia. Bertan emango zaio hasiera Kilometroak 07ri, ohiko zinta mozketa eginez. Zerbitzu guztiak daude bertan, baita jatetxea ere. Umeendako jolasak eta tailerrak, betizuak, Txan magoa…, eta Kilometroetako abestia ere bertan joko dute zuzenean Belceblues taldekoek.

2. gunea, USONDO: herriko parke urbano ederrenetakoa hartzen du gune honek, Santa Marina elizaren ondoan. Zerbitzu guztiez hornitua. Anje Duhalde, Pantxoa eta Peio, Tapia ta Leturia & Jokin… gune honetan izango dira.

3. gunea, MATXIATEGI: gune hau bi azpi gunetan banatuko da: Matxiaetegi A eta B.  Lehenengoan txikienendako jarduerak izango dira, hala nola: puzgarriak, jolasak, tailerrak, buruhandiak, Kiki Koko eta Moko pailazoak, malabareak, hankapaloak… Matxiategi B gunean, berriz, gaztetxo, gazte eta helduegoendako musika dantzagarria batik bat: Trapatoni Circus Band, Sagarroi, Nour, Esne Beltza eta Trikizio.

4.  gunea, ARTABILA: natura gunean barrena, jaima gunea: Chil-out teteria, ludoetnia, txiki jaima… Han izango dira, era berean, Petti, Mulanbo, Rauxa eta Samar taldeak; lasaitasunarekin gozatzeko gunea.

5. gunea, LABEGARAIETA: jantokia duen bi gunetako bat, espazio zabalean, kiroldegian: rokodromoa, globo aerostatikoa, puzgarriak… Eta musikari dagokionez: Fly Shit, SKT Sekuentzia, Gose, Kauta eta E.H. Sukarra.

6. gunea, ESPOLOIOA: Artisau azoka, futbolinak…, dantzariak, euskaraokea, trikitilariak eta horiekin batera, Aitzol Mujika eta Anari.

Bergarara iristeko

Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute, batez ere debagoiendarrendako. Hemen prestatutako autobus zerbitzuen berri:

  • Arrasate-Bergara: 15 minututik behin aterako dira autobusak. 08:20tik, 21:15era.
  • Bergara-Arrasate: 15 minututik behin ere. 08:20tik 21:20ra.
  • Aretxabaleta-Bergara: 15 minututik behin. 08:10etik 21:10era.
  • Bergara-Aretxabaleta: 15 minututik behin. 08:20tik 21:20ra.
  • Eskoriatza-Bergara: 15 minututik behin. 08:00etatik 21:00etara.
  • Bergara-Eskoriatza: 15 minututik behin. 08:20tik 21:20ra.
  • Oñati-Bergara: zuzeneko irteerak, 90 minututik behin. Arrasaterekin konbinatuta 60 minututik behin. Zuzeneko zerbitzua: 07:45etik 21:40ra. Zerbitzu konbinatua: 08:00etatik 21:00etara.
  • Bergara-Oñati: zuzeneko irteerak, 90 minututik behin. Arrasaterekin konbinatuta 60 minututik behin. Zuzeneko zerbitzua: 06:45etik 20:30era. Zerbitzu konbinatua: 08:35etik 20:35era.
  • Elgeta-Bergara: 2 ordutik behin izango dira irteerak. 09:30etik 19:15era.
  • Bergara-Elgeta: 2 ordutik behin. 09:30etik 20:30era.
  • Antzuola-Bergara: 07:40, 08:40, 09:15, 09:40, 10:40, 11:40, 12:10, 12:40, 13:40, 14:40, 15:15, 15:40, 16:40, 17:40, 18:10, 18:40, 19:40, 20:40, 21:30.
  • Bergara-Antzuola: 07:00, 07:45, 08:30, 09:00, 10:00, 10:45, 11:30, 12:00, 13:00, 13:45, 14:30, 15:00, 16:00, 16:45, 17:30, 18:00, 19:00, 19:45, 20:45, 21:15.
Autoz

Aparkaleku bereziak prestatu dituzte autoz doazenendako: San Juanen (Bergaratik Elgetarako bidean), Amillagan (Bergara iparraldeko sarreran), Osintxun (Bergaratik Eibarrera bidean) eta Antzuolan. Aparkaleku horietatik bus lanzaderak egongo dira aldioro, Aranzadiko sarrera nagusiraino.

Edalontzi berrerabilgarriak

  • Iazko Kilometroetako esperientzia guztiz positiboa izan zenez, aurten ere edalontzi berrerabilgarriak izango dira. Hala, Kilometroak jaiko edalontzi guztiak berriz erabiltzekoak izango dira. Naturarekiko konpromisoagatik, eta ahalik eta zabor gutxien sortzeko asmoz erabaki da edalontzi horiek erabiltzea.
  • Edalontziak eskuratzeko txartelak hiru gunetan izango dira: 1. gunean (Ikastola), 3. gunean (Matxiategi) eta 5. gunean (Labegaraieta).

Primeran pasa, pasatu gabe

Iazko Kilometroetan hasitako ekimenari heldu eta sakonduko da aurten ere: Primeran pasa pasatu gabe. Helburua da errespetuaren kontzeptua lantzea, jarrera egokia izan dezaten ikastolen festara etorritako denek: errespetua ingurumenarekiko, errespetua norbere buruarekiko eta errespetua gainontzekoenganako.

Ikastolen elkarteak Askagintzarekin batera sortutako ekimena da.

Kilometroak egunean, karpa berezi bat jarriko dute gai honen gainekoa eta kamisetak-eta banatuko dituzte. Era berean, Askagintzako teknikariak izango dira azalpenak ematen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak