Ken Zazpi bikain eta zaleak zoratzen

Miren Arregi Amasorrain 2010ko urt. 31a, 17:51
Jakina da Ken Zazpi talde gernikarrak itzelezko jarraitzaile mordoa duela, nahiz eta zapatuan Bergarako Jam aretora ez ziren guztiak etorri. Antolatzaileek ikusle gehiago espero zituzten, hala ere, dezente bete zen aretoa Ken Zazpi ikusteko.

Josu Bergara bakarlari bilbotarra izan zen Jam aretoaren etapa berriari hasiera eman ziona. Bakarka -akustikoan-, binaka zein taldekide guztiekin batera eskaini zituen Beldurra, Nora zoaz edo Hego haize bezalako kantuak. Gaueko izarra, baina, Ken Zazpi zen; Josu Bergararen kontzertuaren bukaeran hasi baitzen Jam aretoa betetzen. 

Eñaut Elorrietak eta beste taldekideek eszenatokia zapaltzearekin batera piztu zen zoramena, bereziki jarraitzaile gaztetxoen artean. Akustika eta soinua itzelak, eta taldekideen eszenaratzea ere bikaina. Han ez zen giroa berotu beharrik izan, hasieratik zegoen-eta pil-pilean atmosfera. Iazko urtarrilean Donostiako Victoria Eugenia antzokian grabatutako Zazpi urte zuzenean diskoa aurkeztera etorri zen taldea Bergarara eta diskoan bildutako abestian izan ziren kontzertuaren ardatza: Nozbait, Gernikan, Ez nau izutzen, Gaueko argiak, Zapalduen olerkia edota Bihar.  

Ezin ukatu Eñaut Elorriaga abeslaria dela taldeko arima. Eszenatokitik jendartera helarazten dituen indarra, sentimendua eta grina dira beste batzuen artean Ken Zazpik zuzenekoan duen arrakastaren arrazoi nagusienetariko bat.

Ia bi orduko kontzertua izan zen. Ikusleek gehiago eskatzen zuten, baina taldekideek badakite hobeto dela jendea gogoz uztea, larregi ematea baino. Atzo da bihar izan zen amaitzeko aukeratu zuten abestia. Ilargia abesti ezaguna, ez zuten eskaini.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak