Kanpoko igerilekuan gauez apurketak egin izana salatu dute

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko ira. 13a, 11:19
Behin baino gehiagotan kaka ere egin izan dute uretan zein txirristan. Agorrosingo arduradunen esanetan "maiz" sartzen dira.

Hainbatek gustua hartu dio, antza, gauez, kanpoko igerilekua itxita dagoela sartu eta trauskilkeriak egiteari. Unai Asurmedi kirol teknikariaren esanetan, "hiru egunetik bitan sartzen dira". Baina lotsagarriena, barruan egiten dituzten "asto-lanak" dira, haren esanetan: "sorosleen aulkiak, hamakak eta halakoak uretan azaldu izan dira; kristalezko botilak uretan zein berdegunean apurtuta agertu dira eta kaka ere egin izan dute uretan, txirristan... azkenekoz aurreko asteburuan gertatu zen". Domekan gertatu zen, hain justu ere, eta horren ondorioz, ordubete beranduago zabaldu zuten igerilekua, guztia garbitu eta gero. 
Asurmendik garbiketa horiei dagokienez azaldu du, igerilekuko ura berritzeko behar izaten dutela ordubete: "Uraren %80 berritu behar izaten dugu, kopuru hori berrituta osasun baldintza guztiak betetzen dituelako berriz urak. Baina hori egiteko, ordubete inguru behar izaten da, eta horrek dakar denbora tarte horretan igerilekua itxita izatea. Gutxiengo batek, gehiengo bati eragiten dion kaltea".
Horrez guztiaz gain, azpimarratu du spagunearen gainean dauden eguzki plaketako bat apurtuta dagoela "Smirnoff botila bat bota eta harekin apurtu zutelako".

Segurtasun neurriak

Agorrosingo kanpoko igerilekura gauez sartze hori ez da aurtengo kontua. Iaz ireki zuten kanpoko igerilekua eta orduan hasi ziren trauskilkeriak. Eta kirol teknikari Asurmendik gehitu duenez, batez ere uztail hasieran eta abuztu amaieran gertatzen dira. 
Ipintza institutura ematen duen hesia salto eginda sartzen dira kanpoko igerilekura. Hala, iaz jaso egin zuten hesiaren altuera: 2 metrotik bi metro eta erdira igo zuten hesia: "Saihestu genuen egunez jendea ordaintzeke sartzea, baina gauekoa ez", esan du Asurmendik. Hala, hesiaren gainean  alanbre arantzaduna jartzea ere burutik pasa zitzaiela gehitu du, baina ez dela legala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak