Jose Antonio Aperribaik landare-sikuen gaineko lokala zabaldu du

Jasone Zabala 2008ko martxoaren 27a

Jose Antonio Aperribai bergararrak betidanik izan du landareekiko zaletasuna. Aranzadi zientzia elkarteko kide ere bada. Zaletasun hori, eta bere ezagutzak jendearen eskura ipintzeko asmoz, lokal bat zabaldu du Koldo Eleizalde kaleko 6. zenbakian. Aperribairen helburua, jendeak berak duen landare-siku bilduma –dagoeneko 1.000tik gora ditu – ikustea ez ezik, edonork landare, hosto edo zuhaixken gaineko kontsulta egitera joateko aukera izatea da.

Debagoienean halako lokal bakarrenetakoa dela adierazi zigun Aperribaik. Pasa den eguaztenean izan zen inaugurazio ekitaldia, eta bertara lagun ugari hurbildu ziren, besteak beste, Aranzadiko botanika saileko presidente izandako eta Aranzadiko kidea den Iñaki Aizpuru. Aizpururen esanetan, "gutxi ezagutzen da hostoak biltzearen lan, eta askok egin dezaketen galdera da: zergatik ibili hostoak biltzen?, baina hori guztiontzako aberasgarria da. Gure lurraldea landare askoko lurraldea da. Gipuzkoan 2.000 landare ezberdinetatik gora ezagutzen dira, eta Euskal Herri osoan 3.500etik gora".

Erakusketa ekainean
Hainbeste urte mundu honetan ibili eta gero, bere nahietako bat bete du Aperribaik: "Mundu honetan 28 urte daramazkit, eta azken 16 urteak lokal gabe egon naiz. Orain aukera izango dut landare-bilduma lan honetan jarraitzeko".
Bestalde, datorren ekainaren 6, 7 eta 8an Bergaran ospatuko de Mundumirako ekitaldien barruan landare sikuen erakusketa bat egingo du Bergarako Kultura Etxean, ekainaren 6an hasi eta bi astetan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak