Jauregi etxea: berritze lanak amaituko dituzte datorren astean

Edu Mendibil 2007ko urriaren 5a

Joan den ekainetik Bergarako Jauregi etxean egiten diharduten berritze lanak amaitzear daude. Hain zuzen ere, datorren astean lanekin amaitzea da arduradunen asmoa. "Ondoren beste hainbat lan geratuko dira, erremate batzuk egin eta aditu batek egin beharreko dokumentazio grafikoa tartean. Aldamioak, beraz, urriaren bukaerarako kentzea espero dugu", dio Dolores Sanz lanen koordinatzaileak.

Fatxadako erliebearen egoera kaskarra izan da berritze lanei ekiteko arrazoi nagusia. Sanzen arabera, urgentziazko interbentzioa izan da, fatxadako igeltsuzko plakak jausten hasiak zirelako. Hain zuzen ere, erliebea igeltsuz egina izatea sorpresa handia izan da: "Kanpora begira egonik urtetan kontserbatu izana harrigarria da. Fase ezberdinetan egina dago erliebea, buztina modelatzen den erara. Gotiko estiloaren azken garaiko Alemaniako grabatuetan oinarritutakoa da. Galtzeko arriskuan zegoen, igeltsuzko morterotik paretara hainbat cm-ko poltsak zeudelako".

Gasteizko Petra kooperatibako Mercedes Kortazarrek eta Dolores Sanzek zuzendu dituzte lanok eta zuzendari teknikoa Eudald Gillamet berritzaile ezaguna izan da. Sanzen hitzetan, "Xabier Aranburu udal museologoari esker talde lana egin ahal izan dugu. Helburua hauxe izan da: exekuzio teknikaren detaile guztiak jasotzea, ondo aztertu eta dokumentatu ahal izateko, dokumentu historiko bat osatu nolabait". Jauregi etxean 6-8 berritzaile izan dira ekaina ezkero lanean eta EHUko Arte Ederretako Fakultateak ere kolaboratu du.

Kronologia argitu

Exekuzio teknika zehazteko, besteak beste, EHUko Artearen Historiako irakasle Pedro Luis Etxeberria eta Amaia Gallego lizentziadunaren laguntza daukate. Bergarako artxiboan ez dago Jauregi etxearen gaineko kronologia zehatzik eta datozen hilabeteotan azterketa sakona egingo dute: Jauregiaren garaia, estiloa eta testuingurua zehaztuko dituzte.

"Euskadin ez dago horrelako igeltsuzko erliebea duen beste eraikinik"

Aurretik, 1970eko hamarkadan eraberritu zuten azken aldiz Jauregi etxea. Ondoren, 2005ean larrialdiko lan batzuk egin zituzten eta aurtengo lanak ekainaren 11n hasi zituzten. Fatxadako erliebea mudejarrek egindakoa den ikusteko dagoela dio Dolores Sanzek: "Mudejarrek erabiltzen zuten igeltsua, eta Espainian Aragoitik zabaldu zen gehienbat. Hain ondo landutako igeltsua fatxadan izatea benetan harrigarria da. Euskadin ez dago horrelako besterik. Badira motibo txikiagoak dituztenak, eta historialarien azterketan ikusi beharko da Bergarakoarekin zerikusirik duten eta benetan mudejar estilokoa den Jauregikoa". Dekorazio motiboengatik eta exekuzio teknikengatik "apartekotzat" jotzen du Jauregi etxea Sanzek.  Lanen aurrekontua 250.000 euro inguru da. Banco Gipuzcoanok ordainduko ditu. Trukean, laguntza fiskalak emango dizkio Diputazioak. Udalak 24.000 euro inguru ordainduko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak