Osintxuko zubi zaharra berriztatu egingo dute. Datorren astean hasiko dituzte lanak. Hain zuzen ere, Oñatiko Egaralur eraikuntza enpresak egingo ditu lanok, ia 109.000 euroko aurrekontuarekin.
Lehengo zubia berreskuratu
Zubia antzina zen bezalakoa izango da berriztatze lanak bukatu eta gero. Egaralur enpresako iturriek azaldu duten moduan, lehen estuagoa zen zubia, eta zabaldu egin zuten garraiolariendako. Orain, ordea, zubi berria eginda dago eta hura erabiltzen dute kamioiek. Hori ikusita, lehengo tamainara bueltatuko da Osintxuko zubi zaharra: hiru metro eskas zabaleran eta 50 metro inguru luzeran. Horretarako, kendu egingo dituzte duela urte batzuk zubia zabaltzeko aldamenetan egin zituzten zatiak.
Harria kanpotik ekarri
Berriztatze lanetarako oraingo harria aprobetxatuko dute, neurri handi batean. Hala ere, izkina bietan egingo dituzten petrilak egiteko litekeena da kanpoko harrobi batetik ekartzea harria. Zubiak orain duen harri bera ekarriko dute, ekartzekotan.
Lanak urtarrilean adjudikatu zizkioten Oñatiko Egaralur enpresari, eta argia eta ura nondik hartu eta obretako txabolak non jarri aztertzen ari dira orain. Datorren astean hasiko dituzte obrak eta bukatzeko hiru hilabete beharko dituztela uste dute.