Jardunen jolasleku ibiltaria frontoian egongo da gaur

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko maiatzaren 23a

Hiru egubakoitzetan egingo dute, ume eta gurasoekin jolas egiteko.

Jardunen jolasleku ibiltaria hiru egubakoitzetan segidan egingo dute: gaur, maiatzak 23, frontoian egongo da, 17:00etatik 19:00etara; maiatzaren 30ean, Espoloian jarriko dute, eta ekainaren 6an, Simon Arrietan izango da.

Jolasleku ibiltarian, 3 eta 9 urte bitarteko umeendako jolasak egingo dituzte: "Lehenengo orduan, sokasaltoan eta goman ibiliko gara, eskulanak egingo ditugu eta aurpegiak margotuko ditugu, besteak beste. Bigarren orduan, berriz, kantu jolasak, Jarduntxio maskotarekin batera", azaldu du Jarduneko Itsaso Mendizabalek. Umeendako jolasak egin arren, gurasoendako jolaslekua ere bada Jardunek antolatutako hori: "Helburua da gurasoak ere etortzea, ahozko transmisioa egon dadin guraso eta umeen artean", jarraitu du Mendizabalek.

Olinpiadak martxan

Bestalde, dagoeneko abian dira Jardunek azken zortzi urteetan antolatu dituen gaztetxoen arteko olinpiadak ere. Lehen Hezkuntzako, 9 eta 12 urte bitarteko, gaztetxoendako olinpiadak dira. Aurten bederatzi taldek hartu dute parte, 60 gaztetxo inguruk.

Olinpiadetan froga ezberdinak gainditu behar dituzte gaztetxoek: herri kirolak, bolo, toka eta igela, igerilekuko probak eta Jarduntxioren jolasa. Bihar, zapatua, adibidez, igerilekuko probak izango dituzte Agorrosinen. Bolo, toka eta igel jolasak San Joxepe elkartean egingo dituzte eta Jarduntxioren jolasa, Muniben.

Olinpiada horiek irabazten dituen taldea Gamarrako igerilekura joango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak