Jardunek 20. urtemuga ospatuko du apirilaren 24an

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko martxoaren 22a

Goizean hasi eta gauera arteko ekitaldi sorta antolatu dute egun horretarako. Bestalde, lehendakari berria izendatu du elkarteak; Itsaso Mendizalbal.

Jardun euskara elkarteak urteko batzarra egin du. Halakoetan ohikoa den moduan, aurreko urteko akta onartzearekin batera iazko urtearen balantzea egin zuten batzarrean eta baita aurtengorako dituzten asmoen berri eman ere.
Horien artean daude batetik, 10-12 urte artekoendako uztailerako udalekuak antolatuko dituztela Askizun, Txatxilipurdirekin eta Loramendirekin elkarlanean. Bestetik, bi sentsibilizazio kanpaina egingo dituzte; lehena udako oporretan egingo dute, irakurzaletasuna bultzatzeko. Horrez gain, Auzoko izeneko egitasmoa ere abiaraziko dute. Topaguneak diseinatu du eta esperientzia pilotu gisa jarriko dute martxan Bergaran. Euskaraz ezer ez dakitenei zuzenduta dago.

Erronka, autofinantzazioa

Diru laguntzek behera egin dutela eta, autofinantzazioa igo eta gastuak ahalik eta gehien murriztea da elkartearen aurtengo erronka. Hala ere, aurreko urteetan ondo baloratu diren ekintzekin aurrera egingo dute, eta aipatutako egitasmo berrien aldeko apustua ere egin dute.

Apirilean ospakizuna

1990. urtean sortu zen Jardun; hortaz, aurten, 20 urte beteko ditu. Hori horrela, apirilaren 24an urtemuga ospatzeko egitaraua prestatu dute. Munibe plazan egingo dituzte ekintza gehienak, goizean hasita: elkarteko taldeek –trikitilariek, bertsolariek, dantzariek...– emanaldia egingo dute eta eguerdian bazkaria egongo da Artatse elkartean. Iluntzean kantu-poteoa egongo da eta gauean, kontzertua –taldea zehazteke dago.

Zuzendaritza berria

Zuzendaritza taldeko hiru kide berri ere izendatu zituzten batzarrean eta baita lehendakari berria ere. Hori horrela, Itsaso Mendizabalek Oier Bolibar ordezkatuko du zeregin horretan. Zuzendaritzan sartu diren kide berriak dira: Peio Andrinua, Belen Arrondo eta Izaskun Agirregabiria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak